“40 urtetan zehar Petronorren etengabeko hobekuntza eta inbertsio planak ez du gehiago fintzea helburu izan, hobeto fintzea baizik”. Joaquin Ayani FMU proiektuaren edo koke plantaren koordinatzaileak esan zuen, atzo, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Petronorren Ingeniaritza Buruaren hitzetan, “inoiz ez da findutako produktuaren kantitatea handitzen ahalegindu, baizik eta produktu garbiagoa, gutxiago kutsatzen duena eta iraunkorragoa lortzen saiatu”.
Meatzetako Ingeniari Teknikoen Elkargoaren gonbidapenaz, Joaquin Ayani, ikuspuntu tekniko batez, koke plantaren ezaugarri nagusiak azaldu zituen “Euskadiko industria inbertsiorik handiena” eta “petrolioaren fintze iraunkorraren aldeko apustu teknologikoa” dela esanez.
Ayanik gogorarazi zuen Petronor, funtsean, Santurtziko termikoaren fuelolio eskaera asetzeko sortu zela, eta Fuelolioa Murrizteko Unitatearen (FMU) proiektua “ahalik eta fuelolio gutxien ekoizteko, petrolio gordinaren erabilpen handiagorako, balio gehiagoko erregaiak fabrikatzeko eta merkatuaren eskarira zein europar ingurumen arauen eskakizunetara etengabe egokitzeko azkeneko urratsa” dela.