Jesus Calleja mendizaleak Muskizko VIII. Mendi Jardunaldiak itxi zituen atzo, Meatzari Aretoan, bere abenturei buruzko hitzaldia eskainiz.
Bere laguna den Alex Txikon mendizalea bertan zegoela, Callejak mendian izandako esperientziei eta abentura-hasierei buruzko hitzaldia eskaini zuen, atzo: “ileapaindegian lan egiten nuen Leonen baina konturatu nintzen gustatzen zitzaidana mendia zela, abentura, ez ilea moztea. Nepalen, Hegoamerikan… gida moduan lan egin nuen, trekkinga egiten, eta asko gustatzen zitzaidan beraz nire afizioa telebistara eramatea erabaki nuen”. Jesus Calleja ate joka ibili zen Cuatro telebista kateak bere ametsa errealitate bihurtu zuen arte “Desafío Extremo” programarekin: “niretzako telebistaren gauzarik garrantzitsuena nire esperientziak erakutsi ahal izatea da, bizitzan gehien gustatzen zaidana egin ahal izatea ez baitago munduan gehiago motibatzen nauen gauzarik” esan zuen.
Leoneko abenturazaleak berarentzako mendiak duen zailtasunaz ere mintzatu zen: “asko sufritzen dut mendira igotzean, antiheroia naiz, buruko mina hasten zait, beherakoa hartzen dut, baina beti gugan konfiantza izan behar dugu eta ametsetan sinetsi, guztia lortu baitaiteke borrokatzen badugu”. Callejak bere hitzaldiari amaiera eman zion azalduz abenturetan ez duela inoiz muga gainditzen: “hainbeste gustatzen zait bizitza pasatzen ez dudan lerroa mantentzen dudala, badakit nire beldur-muga non dagoen eta ez dut inoiz muga hori pasatzen, nahiz eta batzuetan esku artetik ihes egin”.
Jesus Callejaz gainera, otsailaren 25etik martxoaren 13ra, Jose Carlos Tamayo, Oihana Kortazar, Edu Marin, Ekaitz Maiz eta Alex Txikon mendizaleak Muskizera gerturatu ziren mendian izan dituzten esperientziak azaltzeko. Begoña Romo Petronorren Kanpo Harremanetako arduraduna, Muskizko Udaleko Kirol Sailak eta, Muskizko findegiaren babesa daukan, Mello Mendi Taldeak antolatutako, jardunaldietan izan zen.
Argazkiak, hemen.