Elias Unzueta Petronorreko Konbertsio burua da, eta Etenaldia egiten ari den arloaren arduraduna. Urtebete darama kargu horretan baina lehenago beste kargu batzuk izan ditu: lau urtez izan zen Prozesuen/Zerbitzu Teknikoen buru, hiru urtez arloaren buru, zazpi urtez Plangintza eta Optimizazioko teknikari, eta bost urte egon zen Madrilen lanean Repsoleko CTRn. Beraz, eskarmentu handia du findegien alorrean. Unzuetak Etenaldiaren azken egunak azaldu dizkigu eta balantze txikia egin digu.
-Nola bizi duzu Etenaldia barrutik?
Egun biziak izan dira baina oso positiboak, jarduera ugari eduki arren gure lantaldeak lana eta pertsonak koordinatu ahal izan dituelako hain denbora laburrean. Oso atsegina da ikustea langileek nola aldatzen duten txipa eta nola hasten diren gogor lanean Etenaldian. Nire kasuan, Konbertsio burua naizela egin den lehenengo etenaldia izan denez hau, unitateen eskeletoa beste ikuspegi batetik ikusteko aukera izan dut.
-Zein balantze orokor egingo zenuke?
Balantzea positiboa da. Ziur nago etenaldi honen ostean instalazioa erabat berrituta geratuko dela, eta horrela, bost urteko hurrengo zikloari lantegiko segurtasun, erabilgarritasun eta eraginkortasun berme guztiekin ekin ahal izango diogula. Lan garrantzitsuenak amaitu dira eta lanean koordinatuta egoteko beste modu batzuk aurkitu ditugu. Lanak oso azkar prestatu ditugu, eta Etenaldiak/Mantentze-lanak atalek laguntzeko eta gauzatzeko jarri dituzten baliabideak oso garrantzitsuak izan dira. Lan asko egin dugu eta gero hori nabaritu da. Gainera, bereziki azpimarratu nahi dut Etenaldiko segurtasunaren koordinazioa. Aldi honetan lan egin dugun guztiok gure lanbidea sendotu dugu eta asko ikasi dugu.
-Etenaldi honen gainean zer nabarmenduko zenuke bereziki?
Produkzioko Etenaldiko lantaldearen lana, ahalegina eta prestutasuna nabarmenduko nituzke, baita egoera berezi horretara egokitzeko eta Etenaldian laguntzeko txandek izan duten ezarpena eta malgutasuna ere. Horrez gain, Etenaldian jarduteko eta erantzukizuneko arloak banatzeko protokoloak aurreikusi bezala funtzionatu duela azpimarratu behar da.
Lehenengo aldiz egin da Konbertsioaren etenaldia 6. arloaren zati bat eta Utilities martxan zeuden bitartean. Horrek aparteko konplexutasuna eman dio lanari, baina arazorik gabe egin da.
-Etenaldia ikustera hurbildu diren kazetarien gidaria izan zara… Zer moduz esperientzia?
Ona da komunikabideek jakitea gauzak nola egiten diren; Etenaldian edo dena martxan dagoenean, findegi honetan gauza guztiak ondo eta profesionaltasunez egiten direla jakin behar dute. Kazetariak harrituta geratu ziren findegiaren tamainaz, gure prozesua etenik gabe egiteaz (24 orduz), Etenaldian lan egiten duen jende kopuruaz, eta dena koordinatzeko moduaz. Esperientzia oso positiboa izan da, modu ez hain teknikoan azaldu behar direlako gauzak eta kaleko jendea zertaz kezkatzen den jakiteko aukera ematen duelako.
-Etenaldiari helduta berriz, zein egoeratan daude lanak?
Amaitzen ari gara mantentze-lanak, eta ekipoak Produkziora itzultzeko lanak; gero, martxan jarriko dira. 10 eta 12 egun inguru behar izango ditugu unitateak martxan jartzeko.
Bideoa, hemen.
Bideoa Youtuben, hemen.