Energia-sektorearen aukerak euskal industriarako

“Oil and gas: industriarako errealitateak eta aukerak” deritzo Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren Energia Katedrak antolatu duen mintegiari. Mintegi hori datorren asteartean egingo da, martxoaren 17an, Deustuko Unibertsitateko Komertzialean, eta energia-sektore honek euskal industrientzat dituen aukerak aztertzea da haren helburua.

Panelak erabiliz, Andreu Puñet (Petronor-Repsol), Héctor Tajahuerce (Enagás), Blanca Losada (Gas Natural Fenosa) eta Javier Valdés (Shesa) adituek, beren konpainia bakoitzaren egoeratik abiatuz, Oil & Gas sektoreak merkatuari egiten dion eskariari buruzko informazioa eskainiko dute, eta bai eskaintza egungo beharrizanei egokitzeko zehaztapenei buruzko argibideak ere. 

Azken finean, funtsean ikuspegi praktikoa duen programa honen xedea ondoko hau da: Oil & Gas sektorearen hornidura-kateko ondasun eta zerbitzuen eskuraketen egoeraren errealitatea aztertzea, alderdi teknikoak eta ingeniaritza alorrekoak kontuan hartuz, horrela sor daitezkeen aukeren berri jakiteko, arlo horretako azpiegiturak eta etxeko baliabideak ere ikertuz.

Jardunaldia goizeko 9:00etan hasiko da eta eguerdiko 14:00etan amaituko. Parte hartu gura duten pertsonek Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren Idazkaritzara jo dezakete (Ana Pesquera), telefonoz (944139006) zein mezu elektronikoa bidaliz (ana.pesquera@orkestra.deusto.es).