PETRONOR eta TECNALIA etxeek gune konfinatuetako lanetarako segurtasun sistema garatu dute

•Irtenbide honen helburua geldialdian zehar enpresaren garbiketa eta mantentze lanetan inplikatutako pertsonen segurtasuna bermatzea da.

•Gailu honi esker, azkar batean lokalizatu daiteke edozein langile gune konfinatuetan, ebakuazio kasuetan larrialdi deiari erantzuten ez badio.

•Une honetan gailuak proben lehen fasean daude.

Petronorrentzat urrats bat gehiago da segurtasunarekiko eta berrikuntzarekiko konpromisoan.

•Akordioak TECNALIA etxearen lidergo izaera indartzen du gainean eraman daitezkeen ‘wearables’ gailuen, teknologien eta gadgeten sektorean.

TECNALIA eta PETRONOR etxeak lankidetzan aritu dira, mantentze lanen ondoriozko geldialdian zehar gune konfinatuetan dauden pertsonak lokalizatzeko irtenbide zehatza garatzeko orduan.

Iazko otsailean, PETRONOR etxeak bere instalazioak berrikusi eta berritzeko geldialdiari ekin zion. Findegian industria segurtasunerako metodologia bat dago, prozesu guztietara aplikatzen dena eta Repsolen Zentro Teknologikoaren babes etengabea duena. Zentro horrek, hain zuzen ere, teknika berriak garatzen ditu, gero multzo industrialetan aplikatzeko. Ildo horretan, gainera, PETRONOR eta TECNALIA etxeak elkarlanean aritu dira garapen pilotu batean: gune konfinatua kontrolatzeko sisteman, zehazki.

Proposatutako irtenbidearen helburua PETRONOR findegiaren geldialdietan zehar gune konfinatuetan mantentze lanak egiten dituzten pertsonen segurtasuna bermatzea da. Gaur egun, gune konfinatuen barruan garbiketa eta mantentze lanak egiten dituzten langileek arloa ebakuatzen bada larrialdi deiak ez jasotzeko arriskua dute. TECNALIAk proposatutako sistemari esker, benetako denboran lokaliza daitezke pertsona horiek, eta, hala, larrialdiren bat badago, inor gune jakin batean geratu ez dela ziurtatuko da, edo, beharrezkoa balitz, pertsona hori lokalizatuta edukiko da, berau ebakuatze aldera.

Proposatutako irtenbideak bi IKT sistema errepikakor dauzka, eta, ondorioz, langilea beti antzeman ahal izango da, ziurtasun osoz.

• Lehen sistema gune konfinatuen sarreran dauden haririk gabeko kontaktu txarteletan oinarritutako sarbide kontrola da.  Baimendutako langile bat antzematen denean, seinale bat bidaltzen da sistema nagusira, langilea espazio konfinatuaren barrura sartu dela jakin dezan.

• Bigarren sistema barrualdeetako geoposizio sistema bat da, haririk gabeko teknologiadun balizak erabiltzen dituena. Hala, langilearen arropan edo osagarrietan (kaskoan edo eskumuturrekoan, esaterako) sartzen diren gailu miniaturizatuen bidez langileak antzeman daitezke. Langileak antzemandakoan, balizek sistema nagusiari pertsonaren posizioaren berri ematen diote, 3G bidez.

Sistema horren ondorioz, PETRONOR etxeak mantentze lanak egiten dituzten pertsonen segurtasuna berma dezake, era automatizatu eta egonkorrean. Une honetan gailuak proben lehen fasean daude. Behin betiko diseinu ergonomikoa proiektuaren bigarren fasean finkatuko da.

Hitzarmen honi esker, TECNALIA eta PETRONOR etxeek inteligentzia gehiago sartuko dute langileek industriaren sektorean duten segurtasunean.

Segurtasuna eta berrikuntza geldialdian

Tecnaliarekin batera garatutako proiektuaz gain, Petronorrek industria segurtasunerako metodologia bat dauka, prozesu guztietan aplikatzen dena. Pertsonak dira segurtasuna bermatzen dutenak, egindako protokoloak ezarriz. Gainera, bai geldialdiko langileek, bai bertakoek, segurtasunaren gaineko trebakuntza jaso dute. Petronorrentzat segurtasuna lehentasunezko konpromisoa da.

Enpresa kontratista bakoitzak, era berean, segurtasuna eta laneko osasuna ikuskatzeko sistema propioa izan behar du, Petronorreko segurtasun arduradunek balioetsiko dutena.

Geldialdi honetan enpresa aditu bat kontratatu da eta hark hornitu, berrikusi eta mantenduko ditu geldialdiko segurtasun material guztiak, arnasketa ekipoak, bizi lerroak eta abar.

Ingurumenaren ikuspegitik erreparatuta, geldialdietan zehar atmosferarako isuriak desagertu egingo dira eta talde termikoak (labeak eta galdarak) gelditu egingo dira. Konponketa lanetan bestelako zarata, kamioi, garabi eta makinak erabiltzen dira, lan metalurgikoen berezkoak. Hau da, aurrefabrikatuen muntaketarako edozein tailer edo jardueretan bezala.

Ordezten diren ekipoetan (bonbak, konpresoreak eta abar) zaraten neurketa berriak egingo dira.

Berrikuntzari dagokionez, hala behar duten ekipoetan atmosferan lurrundu aurreko garbiketak ezarriko dira. Hareadun txorro hezeko sistema bat erabiliko da lanak egitean segurtasun handiagoa emateko eta eragin akustikoa txikiagoa izateko, hautsik isuri gabe.

Ontzien barrualdera sartzeko, azken belaunaldiko ekipo elektronikoak erabiliko dira, lanok gauzatzen dituzten pertsonen tokia eta jarduera eta arnasten duten atmosferaren ezaugarriak adierazita.

Petronor

Petronorrek urtean 11.000.000 tonako ekoizpen ahalmena du eta Espainiako findegirik handiena da. Bere ekoizpenaren heren bat baino gehiago esportatu egiten du. 928 langile dauzka plantillan eta 6.200 pertsonarentzako lana sortzen du. Petronorrek eragiten duen trafikoa Bilboko Portuko mugimenduaren % 40tik gorakoa da. Azken bost urteetan 1.006 milioi euroko inbertsioak egin ditu.

TECNALIA

TECNALIA Research & Innovation da Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko lehen zentro pribatua eta Europako esanguratsuenetakoa, 1.400 aditu baititu, 30 nazionalitate baino gehiagokoak, ezagutza BPG bihurtzeko, pertsonen bizi kalitatea hobetu eta enpresetan negozio aukerak sortuz.

Inspiring Business delakoa elkarren artean lotuta dauden bi kontzepturen laburpena da: imajinatu eta errealitate bihurtu. Horixe da TECNALIA bereizten duena.