Fintze-jardueren arloan aitzindaria den Petronor enpresak, hainbat urtean gauzatu izan du teknologia berriak bere lan-sisteman bideratzeko estrategia, gero eta lehiakorragoa den merkatu globalari aurre egite aldera. Egia da Petronor, Repsol Taldearen kidea denez, zuzenean atzitu ditzakeela garrantzi handi-handiko baliabide eta kolaborazio teknologikoak; horrek ez du galarazten, baina, aeronautika eta automozio sektoreetan zeharo arrakastatsuak izan diren esperientzien lorratzari jarraiki, fintze-jardueren arloan ere bide berriak urratzen hastea; hain zuzen ere, korporazioaren beraren erakundeekin ez ezik, egun ingeniaritza alorrean jarduten duten kanpoko enpresekin eta zerbitzuekin ere lankide jardutea erabaki du Petronorrek, kanpoko enpresa eta zerbitzu horiek berrikuntza-maila handia baitute horietako bakoitzak ezagutzen, menperatzen eta aplikatzen duen teknologia bereziari dagokionez.
Halaber, enpresaren beraren berrikuntza teknologikoa eta lehiakortasun-maila bezain gai garrantzitsua baterako estrategia bideratzen konprometiturik eta murgildurik dauden hornitzaileen sarea erdiestea da. Ildo horri jarraiki, xede hori jadesteko bitarteko ezin hobea den Tecnalia Fundazioaren lankidetzak balio erantsi aski handia eskaintzen dio Petronor enpresari.