Berrikuntzarako 29 proiektu erakarri ditu Petronor-Inspîre deialdiak

Inspîre.
Guztira 29 proiektu aurkeztu dira Petronorrek egun merkatuan eskaintzen dituen aukera teknologikoak hobetzeko deitutako Inspîre berrikuntzarako programaren epe barruan. Hamaika unibertsitateko erakundek, zentro teknologikoek eta bestelako ikerketa taldeek aurkeztu dituzte.

Bi dira, zehazki, Petronorrek Euskal Herriko erkidego zientifiko-teknologikoari planteatutako erronkak. Bata, koke-hautsa eusteko sistema hobetu eta findegitik kanpora hedatzeko arriskua ekiditeko; bestea, aldiz, usainek ingurunean izandako eragina prebenitu eta murrizteko.

Proposamenak aurkezteko epea pasa den igandean bukatu zen, azaroak 15, eta epe horren barruan berrikuntzarako 29 proiektu aurkeztu zituzten ikerketarako hamaika erakundek. 15 aurkeztu ziren koke-hautsa eusteko sistema hobetzeko eta 14 usainen arazoei erantzuteko. Zenbait erakundek bi erronketarako irtenbide garrantzitsuak aurkeztu dituzte eta baten bat haratago joan eta irtenbide bat baino gehiago proposatu du.

Hilabeteko epea ireki berri da, abenduaren 15era bitartekoa, erronka bakoitzerako gehienez hiru proiektu aukeratzeko. Petronorreko ingeniaritza taldeak egingo du bakoitzaren analisia, Repsoleko Zentro Teknologikoaren laguntzarekin.