Petronorreko Pertsonen, Antolaketaren eta Erakunde Harremanen zuzendari Jose Ignacio Zudairek eta Vost Euskadiko presidente Jokin Zubietak sinatutako hitzarmenaren helburu nagusia da bi entitateen arteko lankidetzarako esparru orokorra ezartzea, elkarren arteko jarduketak arautuko dituzten prozedurak sendotze aldera. Horrela informazioa ahalik eta ondoen erabili nahi da larrialdietan edo arrisku kolektibo larriko nahiz hondamendiko egoeretan, eta, halaber, zabalkunde, prestakuntza, kudeaketa eta ikerketa ekintzak burutu nahi dira, autobabesarekin eta arriskuen zein larrialdien kudeaketarekin zerikusia dutenak.
Vost (Virtual Operation Support Team) izenekoak larrialdietarako boluntario talde digitalak dira, munduko hainbat bazterretan sortutako profesional taldeak. Trukean ezer jaso gabe, sare sozialetan eta Interneten larrialdi zerbitzuen kontuei euskarria eta laguntza ematen diete. Lagundu egiten dute larrialdi zerbitzuen mezuak biralizatzen eta, batez ere, zurrumurruak eta gezurrak detektatzen eta indargabetzen, informazio ofiziala eskuragarriagoa izan dadin.