Petronorrek, kontratu enpresek, hiru Udalek eta Somorrostro Zentroak hitzarmena sinatu dute enplegagarritasuna hobetzeko

Andreu Puñet inguruko herrietako alkateekin, Somorrostro irakas-gunearen zuzendariarekin eta kontratu enpresen ordezkariekin batera.
Petronorrek, kontratu enpresek, Abanto, Muskiz nahiz Zierbenako Udalek eta Somorrostro Prestakuntza Zentroak lankidetza hitzarmena sinatu dute birfindegiaren inguruko udalerrietako langabetuen enplegagarritasuna hobetzeko.

Petronorrek, mantentze-lanetarako enpresa kontratistekin eta Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin batera, batetik, fintze-instalazioetan beren funtzioak bete behar dituzten pertsonen profil profesionala eta, bestetik, profil desberdinetan berezko gaitasunak lortzeari atxikitako prestakuntza definituko ditu. Gainera, sinatu duten hiru Udalekin, mantentze-lanetarako kontratek udalerri horietako langabetuak kontrata ditzaten sustatu eta erraztuko du.

Hitzarmenak Udalek laguntzen bitartez langabetuen prestakuntzan ekonomikoki laguntzeko baldintzak eta konpromisoak arautu eta zehazten ditu. Helburua horien enplegagarritasuna hobetzea eta Petronorren findegiaren instalazioetan zerbitzua ematen duten enpresa kontratistei laguntza eskaintzea da.

“ENPLEGAGARRITASUNA HOBETZEKO PRESTAKUNTZA” IKASTAROAK

Hasieran, 2 ikastaro irakatsiko dira “enplegagarritasuna hobetzeko prestakuntza” izenburupean. Bakoitzak 62 ordu iraungo ditu eta guztira 30 partaiderentzat izango dira (ikastaroko 15 pertsona). Proportziozko banaketa egingo da: Abanto-Zierbenako 12 ikasle, Muskizko 12 eta Zierbenako 6.

2016ko maiatzaren 16an hasiko dira eta aldi berean irakatsiko dituzte, bata astelehen eta asteazkenetan eta bestea astearte eta ostegunetan, 9:00etatik 13:00etara bitartean.

Prestakuntzaren edukiak aldez aurretik Petronorrek, enpresa kontratistek eta Somorrostro Prestakuntza Zentroak adostu dituzte. “Gai” “Ez-gai” modura kalifikatuko dira. Ikastaro bakoitzaren kostua 6.200 eurokoa da.

Hasierako bi ikastaro horietan parte hartzeko hurrengoak ezinbestekoak dira:

  • 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen Abanto-Zierbena, Muskiz edo Zierbenako udalerrietan erroldatua egotea.
  • Eskaera egitean eta ikastaroa hastean langabezian egotea.
  • Kontratistarentzat segurtasunari buruzko 10 orduko ikastaroa aldez aurretik egina eta indarrean izatea.
  • Gainera, lehentasuna emango zaie industriaren edota eraikuntzaren sektorean esperientzia duten pertsonei.

Ikastaroa amaitutakoan, Somorrostro Zentroak “gai” kalifikazioa lortu duten partaideen zerrenda eskuratuko die hiru Udal sinatzaileetako Tokiko Garapen Agentziei eta enpresa kontratistei. Hala, langileen beharrak Mantentze-lan Elektromekanikoen Laguntzailearen profilarekin estali ahal izango dituzte, ez bakarrik Petronorren findegian bertan, baita Repsol taldearen edozein tokitan ere.

Enpresa kontratistek, ahal duten neurrian, bi ikastaro horietan parte hartzen duten pertsonak hautespen prozesuetan eta beren kontratazio beharretarako hautagaiak izan daitezen konpromisoa hartzen dute.

Bestalde, hiru Udalek Mantentze-lan Elektromekanikoen Laguntzailea mailarekin “Enplegagarritasuna hobetzeko prestakuntza” izenburupean gutxienez bi ikastaro finantzatzeko konpromisoa hartzen dute. Halaber, prestakuntza horren kostu guztia beren gain hartzen dute, Abanto-Zierbena, Muskiz eta Zierbenako udalerrietan erroldatutako pertsonentzat baitira.