-Euskaltegiak urtero antolatzen duen Euskara-Ikasleen Jaiaren osagaietako bat da ekitaldia.
-Irakurraldia goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00etan amaituko da. Ondoren erromeria egongo da Arriagako plazan.
-Anton Garikanok ekingo dio, goizeko 8:00etan, liburuko lehen lerroak irakurtzeari.
-400 lagun inguruk hartuko dute parte irakurraldian; euskaltegiko ikasleek ez ezik, besteak beste, euskal kulturarekin, gizartearekin, ekonomiarekin eta politikarekin zerikusia duten herritarrek ere bai.
-Aurten, 100 urte bete dira, Franz Kafkak Metamorfosia idatzi zuela. Obra hori aukeratu dugu, besteak beste, itzulpenak duen garrantzia aldarrikatzeko. Mundu mailako literatur klasiko bat aukezten dugu.
-Kurtso guztian zehar, itzulpenaren garrantziaren eta Kafkaren lanaren inguruan antolatu diren 6 Forum-etatik 3, irakurketaren aurreko egunetan burutuko dira.
-Bilboko Metroan erakusketa izango da, Klasikoen Irakurketa Jarraituak bederatzi urteotan izan duen ibilbideari buruz.
-Irakurketa zuzenean jarraitzeko aukera izango da, bai Bilboko Azkuna Zentroko (Alhondigako) Atrioan, bai, streaming bidez, Eitbko web orrialdean.
Franz Kafkaren “Metamorfosia” irakurriko dute, Arriaga Antzokian, ekainaren 9an, oso-osorik, jendaurrean, “Klasikoen IX. Irakurraldian”. Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatu du eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak, Laboral Kutxak eta Petronorrek babesten dute ekitaldia. Horrela ospatuko dute urteroko Euskara Ikasleen Jaia.
Helburua bikoitza da: batetik, euskaltegiko ikasleek urtean zehar egindako ahalegina aintzat hartu eta omentzea; eta bestetik, irakurtzeko zaletasuna sustatzea. Horiek horrela, aurten bederatzigarren aldiz eramango dute aurrera ekimena. Franz Kafkaren “Metamorfosia” izango da osorik eta ozenki irakurriko duten euskarazko klasikoa.
Irakurraldia goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00etan bukatuko da. Anton Garikanok irakurriko ditu liburuko lehenengo lerroak eta horrela emango dio hasiera irakurraldiari.
Ostean, 12 ordutan 400 lagun inguru pasatuko dira bertatik. Euskal kulturako zein gizarte, kirol, ekonomia edo politikako hainbat lagun ospetsuk irakurriko dute “Metamorfosia” klasikoaren pasarte bana jendaurrean.
Hauexek izango dira partaideetako batzuk: Bilboko udaleko ordezkaria; Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari instituzionalak;Azkuna Zentroko ordezkariak, Laboral Kutxako zuzendari nagusia, Petronorreko presidentea; Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak; Andres Urrutia, Euskaltzaindiako presidentea.
Aipatutakoez gain, Bilboko Udalbatzako kideek irakurriko dute; baita euskaltzainek, hedabideetako ordezkariek, sindikalistek, Bilbo Zaharra Euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek, ostalariek, Gotzaingoaren ordezkariek eta ekonomista, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariek ere.
Aurreko urteetan bezala, mundu osoko 28 Euskal Etxek ere parte hartuko dute irakurraldi honetan. Haien irakurraldiak bideoan grabatu dituzte aurretiaz eta antzoki barruan nahiz kanpoan jarritako pantailetan ikusi ahal izango dira.
Bilbo Zaharra Euskaltegiak, urtero, aukeratutako liburuari buruzko Forum zikloa antolatzen du. Aurtengo kurtsoan zehar 6 Forum eratu ditu eta horietako 3 irakurketaren astean zehar burutuko dira. Plaza Berrian dagoen Euskaltzaindiako batzargelan izango dira, ekainaren 6, 7 eta 8an, Bernardo Atxaga eta literatura eta itzulpenetan adituak diren Naroa Zubillaga eta Jordi Clavet-en hitzaldiak eta Andoni Egaña eta Uxue Alberdiren emanaldia.
Aurten, 100 urte beteko dira, Metamorfosia argitaratu zela. Munduko literaturako autore garrantzitsuenengan izan du eragina lan horrek, eta hamaika hizkuntzatara izan da itzulia. Martxoaren 1ean, Forumean, Metamorfosiaren euskarazko azken itzulpena aurkeztu zuen Anton Garikanok. Xabier Kintana lehen itzultzaileak, Rufino Iraola bigarren itzultzaileak, eta Anton Garikano hirugarren itzultzaileak tamaina horretako erronkari nola egin zioten aurre azaldu ziguten.
Franz Kafka txekiarra zen, baina Metamorfosia alemaneraz idatzi zuen. Anton Garikanok alemaneratik zuzenean itzuli du obra; gazteleratik pasa gabe, alegia. Oso beharrezkoa iruditzen zaigu itzulpenaren kontzeptuaren gainean, eta itzultzeak duen ekarriaren inguruan, hausnartzea. Literatura bizirik dago. Ospatu dezagun!
Aurreko urteotan, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Miranderen Haur Besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika Pauso, Urretabizkaiaren Zergatik Panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak eta Gabriel Arestiren Harri eta Herri irakurri zituzten.
Bilboko Metroan, berriz, Euskal Klasikoen Irakurketa Jarraituaren ibilbidea jasoko duen erakusketa bat egingo da. Ekainaren 15etik Uztailaren 15era Alde Zaharreko geltokian, Unamunoko irteeran, eta Abandoko geltokian.
Aurten, laugarrenez, Bilboko Azkuna Zentroko (Alhondigako) sarrerako pantailetan ere zuzenean ikusi ahal izango da irakurraldia egun osoan zehar. Horretaz gain, irakurketa streaming bidez jarraitu ahal izango da, 12 ordutan zehar, Eitb-ren webgunean.
Streaming-aren helbidea: http://www.eitb.eus/metamorfosia-irakurketa
FRANZ KAFKA_BIOGRAFIA
Kafka uztailaren 3an jaio zen, Pragan, Bohemian —garai horretan Austria- Hungariako Inperioaren parte zen—, alemanez egiten zuen erdi mailako familia judu baten barnean. Bere aitak Hermann Kafka zuen izena (1852-1931) eta txikizkako merkataria zen. Bere amaren izena Julie Lowy zen (1856-1934). Bi anaia izan zituen, Georg eta Heinrich, Kafkak sei urte bete baino lehen hil zirenak; hiru arreba ere izan zituen, Elli, Valli eta Ottla izenekoak.Bere ama-hizkuntza alemana izan bazen ere, Kafkak txekiera ere ikasi zuen, bere aita Písek-etik hurbil dagoen Osek izeneko hirikoa baitzen. Hiri horretan, Kafkaren aita txekieraz egiten zuen komunitat judutarraren kidea zen (“Kavka” izenak “erroi” esan nahi du) eta, honek bere semeak bai alemana, bai txekiera ondo menperatzea nahi zuen.
Kafkak Frantziako kultura ere ezagutzen zuen. Izan ere, bere autorerik gustukoenetariko bat Flaubert izan zen. 1889tik 1893ra, Kafkak lehen mailako irakaskuntza (alemanez Deutsche Knabenschule delakoa) egin zuen Masná St. kalean (Fleischmarkt), Pragan, eta, geroxeago, institutura joan zen Staroměstské náměstí-ra, non 1901. urtean Batxilerreko azterketa egin zuen. Jarraian, Carolina-ko Unibertsitatean, Pragan, zuzenbidea ikasi zuen eta legeetan doktoretza lortu zuen 1906. urtean. 1917an, tuberkulosia izan zuen eta horrek sarritan lan-etenaldiak izatera behartu zuen. Familiaren babesa eduki zuen, batez ere, bere arreba Ottlarena, zeinarekin oso ondo konpontzen zen.
METAMORFOSIA _LABURPENA_Anton Garikano itzultzaile (2016)
Kafkaren Metamorfosia lanak eragin handia izan du XX. mendean zehar eta ondorengo istorioa kontatzen digu: Gregorio Samsa izeneko gazteak, goizean esnatzerakoan, intsektu bihurtu dela ikusten du. Animalia horiekin gertatzen ohi denez, berarekin akabatzea da inguruko pertsona gehienek egin nahi dutena; ez dute inolako errukirik. Hori da nobelaren abiapuntua.
Protagonistak bere inguruko gizartearen ulertezintasuna jasan behar du, bere gorputzean eman den aldaketa dela eta. Baina, intsektu bihurtu den arren, Gregoriok gizakien buru-argitasuna mantentzen du. Hala ere, bere logelatik irten barik bizi beharko du eta ez du inolako laguntzarik jasoko ez bere familiaren aldetik (arreba izan ezik) ezta gizarteko beste pertsona batzuen aldetik ere (laneko nagusiaren
aldetik, esaterako). Lan honek bizitzako alderdi guztiz pesimista erakusten digu, Gregoriok ez baitu inolako laguntzarik jasotzen bizitzan aurrera egin ahal izateko eta ez da gai bere kabuz aurrera jarraitzeko. Gizarteak bizkarra eman dio eta ez dago egoera hori hobetu dezakeenik.
ITZULTZAILEA ANTON GARIKANO
Tolosan jaio zen, 1967. urtean. Hizkuntzalaria da ikasketaz. Euskal Filologia ikasten hasi zen Donostian,
baina Ingeles Filologia hautatu zuen gero. Deustun ikasketak burutzen ari zen bitartean ekin zion alemana ikasteari, eta urte bertsuetan hasi zen Deustuko Hizkuntza Eskola Ofizialean errusiera ikasten. Ingeleseko irakasle da gaur egun lanbidez. Hauek dira egin dituen lanetako batzuk:”Ipuin fantastikoak” Erns Theodor Amadeus Hoffman (Ibaizabal, 1992), “Jokalaria” Fiodor Dostoievski (Ibaizabal, 1993), “Farorantz” Virginia Woolf (Ibaizabal 1993), “Prozesua” Franz Kafka (Elkar, 1993), “Hizkuntzaren jatorriari buruzko tratatua” Johann Gottfried Herder (Klasikoak SA, 1995), “Peter Schlemihl-en istorio miresgarria” Adelbert von Chamisso (Ibaizabal, 1995), “Lorategiko festa eta beste kontakizun batzuk” Katherine Mansfield (Ibaizabal, 1998) eta “Berlin Alexanderplatz” Alfred Döblin (Ibaizabal, 2000). Bederatzietaik bederatzietara Perutz, Leo (Elkar 2003). Maitea Morrison, Toni (Elkar 2004) Lorategiko festa Mansfield, Katherine (Elkar 2011) Poesia kalera Georg Trakl (Susa 2014) Woolf, Virginia (ELKAR 2015). Metamorfosia (erein 2016).