Iberdrola Banaketak aurkeztutako txostenak adierazten duenez, sistemaren etena izan zen gertatuaren oinarrizko arrazoia, hau da, “ezusteko zirkuitulabur bat Ortuellako azpiestazioaren kontroleko instalazioetan, zaharberritze-lanetan zihardutelarik”.
Edozelan ere, txostenak jakinerazten du, zirkuitulabur horrek “nekez erakar zezakeela erabateko etendura, babesgailuen jarduera segurtatzen dituzten rele laguntzaileak horretarako baitaude”. Haatik, rele laguntzaile horiek berandu jarri omen ziren indarrean, “tarte-babesgailuak blokeoak baino geldoago aritu zirenez gero”.
Txosten berberak zehazten du “Petronorren Findegia argindarrez hornitzen dituen 132kVko lerroen haustura akats bikoitz batez gertatu” zela; alegia, ”kontroleko zirkuituetan nahiz lerroen arteko tarteak zaintzeko babesgailuetan”.
Txostenak amaitzen du esaten, harako akatsa ezohiko egoeretan gertatu zela, benetan ezohikoa baita instalazioen fidagarritasuna hobetzeko egiten ari diren eraberritze-lanak, sistema analogikoa digitaltzen alegia. Eta, gertatua gertatu arren, “ohiko horniduraren kalitatea egokia dela Petronor bezalako findegiaren premiei erantzuteko”. Nahiz, segurtasuna bermatzeko, “neurri berriak erantsiko diren, Ortuellako azpiestazioko berritze-lanetan zehar inoiz gehiago arazorik gertatu ez dadin”.
Era batez zein bestez, Petronorren eta Iberdrolaren arteko lan-talde tekniko bat sortu da, horniduraren fidagarritasuna hobetu ditzakeen alternatibak elkarrekin aztertu ahal izateko.