-Nolakoa izan da Petronorrerako itzulera?
Uztailaren 5ean itzuli nintzen. Itzulera oso erraza izan da, Petronor nire etxea izan baita 15 urtez. Beraz, hemen berriz ere jardunean hastea oso gauza erraza izan da. Hala ere, bi urte igarota, era askotako aldaketak sumatu ditut, eta horietara egokitzea kosta egiten da zertxobait. Baina orokorrean zeharo erraza izan da, eta oso pozik nago nola gertatzen ari den.
-Hauxe da zure lehenengo Etenaldia Fidagarritasun eta Mantentze-Lanetako zuzendari bezala…
Bai, aurretik, etenaldi ugari eginak nituen mantentze-lanen ikuspegi hutsetik. Orain, horri, fidagarritasunaren alderdiak gaineratu behar zaizkio, baita materialen arazoak eta inbertsio berriei atxikitako makina bat lan ere. Etenaldiaren eguneroko jardunetik aldendu eta horrek ikuspegi orokorra hartzen saiatzen zara, findegiko gainerako sailen gainean izan ditzakeen eraginei erreparatuta. Oraingoan ere, Etenaldia segurtasunez, kalitatez eta epearen barruan amaitzea da helburua.
Nire lana, edozein okerren balizko eraginei aurrea hartzen saiatzea da, nagusiki. Gainerako Zuzendaritza guztiei Etenaldiaren bilakaeraren berri eman eta amaieraren aurreikuspena eskaintzea, eragiketen hasierari begira beren beharrizanak aurretiaz finkatzeko aukera izan dezaten. Epearen barruan amaitzea bezain garrantzitsua da aldian-aldian gerta daitezkeen balizko okerren berri ematea.
-Fidagarritasun eta Mantentze-Lanei dagokienez, garrantzitsua al da etenaldiak egitea?
Etenaldiek bi osagai dituzte. Bata lege mailakoa da, nahitatezkoa baita ekipoen ikuskapen ofizialak egitea jardunean jarraitu ahal izateko. Bestalde, beste hainbat ikuskapen egiten dira lege-eskakizunetatik kanpo, norberaren ezagutza eta esperientziaren arabera, hurrengo eragiketa-zikloa bermatzeko asmoz. Honelako Etenaldiak egingo ez balira, instalazioen erabilgarritasunak behera egingo luke pixkanaka-pixkanaka.
Horrez gain, etenaldiak dira horrelako inbertsioak egiteko unerik egokieak, inbertsio horietarako nahitaezkoa baita unitateak geldirik egotea.
-23 milioi inbertitu dira Mantentze-Lanetan. Nolako lanak egiten ari dira?
Unitateak osatzen dituzten ekipoen ohiko ikuskatze-lanak: dorreak, ontziak, erreaktoreak, labeak, konpresoreak, lineak eta abar ikuskatzeko lanak.
-Beste 26 milioi berrikuntza teknologikoko inbertsio berrietara bideratu dira. Zeintzuk dira garrantzitsuenak?
Inbertsio nagusia, aste honetan abian jartzen ari diren FCCko bi konpresore berriei dagokie (F3C1 eta F3C2).
Horrekin batera, HD3-C1 konpresorean itxitura lehorrak instalatzeko lanak nabarmendu behar dira. Findegiaren guztizko olio-kontsumoa murrizten lagunduko dute.
Bestetik, koke-ganberetako hauts-kanptadoreen instalazioa dago (Inspîre proiektua).
Baita N2 unitateko material aldaketa ere, etab.
-Nolako bilakaera izan dute lanek? Zein fasetan dago Etenaldia?
Otsailaren 28a aldera dena abian izan behar dugu. Orain abiarazteko fasean gaude unitate gehienetan, eta lanak amaitzeko zorian gainerakoetan.
Unitateak ahalik eta ongien martxan jartzearren, Taldeko beste findegi batzuetako pertsona kopuru ederra gaineratu zaio Etenaldiari (hemen Etenaldiaren hasiera-hasieratik parte hartu duten pertsonekin batera). Zalantzarik gabe, balio handiko laguntza izango dira unitateak behar bezala abiarazi ahal izateko.
-Nolako balantzea egingo zenuke Etenaldi honi buruz?
Oso etenaldi handia da; Petronorren ez dugu inoiz egin honen etenaldi handirik. Dexente gainditu du aurreikusia genuen lan-bolumena. Bestetik, inoiz ez dugu horrenbeste unitatetan aldi beren lan egin, baliabideak hain sakabanatuta dauzkagula. Horrek findegi osoan zehar eginkizunak egitera behartzen gaitu, logistika eta egin beharreko lanak korapilatuz.
Nire ustez, oso esku-hartze ona lortu da Etenaldian parte hartzen ari diren pertsonan guztien artean, guztiek partekatzen baitute lanak emaitza onez amaitzeko helburua, segurtasunari, kalitateari eta epeari dagokienez.