Akordioa Emiliano López Atxura Petronorreko presidenteak eta Adolfo Arejita Labayru Fundazioko zuzendariak sinatu dute Bilboko Euskal Museoan, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Lorea Bilbao Kulturako diputatua eta Ander Manterola Etnografi Atlaseko zuzendaria tarteko izan dituen ekitaldi batean.
On Joxemiel Barandiaranek 70eko hamarkadaren hasieran bultzatutako Etnografi Atlasak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko ehun bat ikertzailek jasotako datuak biltzen ditu. Ikerketa horren orain arteko emaitza 8.000 orrialde eta 2.000 irudi baino gehiago dituzten 8 liburuki tematikotan plazaratu da.
Adolfo Arejitak adierazi duenez, “obra hau inbidiagarria da gurea baino handiagoak diren kultura eta nazio askorentzat”. Ander Manterola, aldiz, pozik azaldu da “teknologia berri hauek gure kulturaren deskribapena eta egiaztapena jende guztiaren eskura jarri eta munduko lau kantoietara zabaltzeko” eskaintzen duten aukeragatik, eta “Bizkaiko enpresa energetikorik handienak energia guztia euskal kulturaren mesedetan jartzeagatik”.
Bestalde, Emiliano López Atxura Petronorreko presidenteak gogoratu duenez, “garapen ekonomikoan aurrera egiteko, jatorriarekin lotzen gaituzten sustrai sakonak izan behar ditugu: izan zirelako gara eta garelako izango dira”. Azkenik, Unai Rementeria ahaldun nagusiak, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmentzeaz gain, argi utzi du, “administrazioak gizartea berrikuntzan murgil dadila animatzeko, behar-beharrezkoa dela administrazioak ere aurretiaz berrikuntzaren alde egitea”.
Prentsa Oharra, hemen.