Somorrostro Irakas-guneak, SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia zein Cebek-en laguntzaz, antolatzen duen Marcelo Gaingoiti saria, urtero, Ezkerraldean zein Meatzaldean garatzen den enpresa jarduera omentzen du. Bere XXII. edizioan Prosertek enpresa saritu dute.
Prosertek, 25 urte baino gehiagoko esperientziaz, familia-enpresa da, ontziak atrakatzeko itsas ekipamenduen diseinuan, ekoizpenean, instalazioan eta mantenuan nazioarte mailan liderra da. Iñaki Lasfuentes Proserteken zuzendari nagusiak saria eskertu dio “gurekin izan diren edo oraindik dauden laguntzaile guztiei, gaur egun garena gara haien jarduera onagatik”.
Aurten Somorrostro Irakas-guneak 70 urte betetzen ditu eta lehendakariak “prestakuntza integralarekin duen konpromisoagatik, eskualdean duen sustraitzeagatik eta enpresarekin duen loturagatik” zoriondu du. Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritzak gazteria enplegua lortzen laguntzeko duen konpromisoa aipatu du, “helburua 2020a baino lehen 20.000 gazteei aukera ematea da, iaz 6.900 izan ziren lan mundura sartu zirenak”. Gainera, prestakuntzaren balioa goraipatu du “esparru guztietan”, hurrengoa azpimarratzeko: “18-24 urte bitarteko adinarekin Euskadin ikasketak uzten dituzten gazteen tasa %7koa da, Estatuko baxuena, eta Europako batazbestekoa baino txikiagoa ere”.
Zentzu honetan, Javier Laiseca Somorrostro Irakas-gunearen zuzendariak beren bokazioa “prestakuntzan erreferentziazko zentroa” izatea dela esan du, baita Meatzaldeko enpresen laguntzaz garapen ekonomiko eta soziala erraztea ere.
Borja Liaño Muskizko alkateak, bere aldetik, Meatzaldean aberastasuna sortzen duten enpresetako liderren lana txalotu du. Eta Angel Maria Unzueta elizbarrutiko bikari nagusiak On Marcelo gogoratu du, eta bere sasoiko apaizak ,“bere bizitza zerbitzu gisa ulertu zutenak eta harrien azpitik dirua lortzen zutenak, behar zuenari laguntzeko”.
Guillermo Dorronsoro Deusto Business School-en dekanoa hizlari moduan bertan ere izan da birrasmatzeko garrantziaz mintzatzeko: “hau pentsamolde eta jokaerarekin zerikusia dauka. Bizitza bidaia da eta buruan mapa izatea garrantzitsua da, eraldatzeko kapazak izatea. Arriskuak hartu behar dira eta proiektu handiak bilatu, merezi duten erronkak eta konpainiarik onena bilatu”.
Ekitaldian Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko kontseilaria eta Maria Jesus San Jose Lan zein Justizia kontseilaria izan dira. Iñaki Garcinuño Cebeken presidentea, Imanol Pradales Ekonomia Sustapenerako foru diputatua eta Ezkerralde zein Meatzaldeko hainbat alkate zein enpresari, Petronorreko ordezkariak barne, bertan ere izan dira.
Argazkiak, hemen.