Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak garapen-bidean dauden enpresei zuzenduta abiarazi duen Bind 4.0 programaren barruan gauzatu da. Programa honen laguntzailea dugu Repsol, Petronorren akziodun nagusia.
Beste enpresa-azeleragailu batzuek ez bezala, Bind 4.0ren helburua ez da soilik garapen-bidean dauden enpresei bazkide inbertsiogilea bilatzea, baizik eta, ekimen honen bitartez, 75.000 eurorainoko kontratua erraztea programari atxikitako konpainia industrial handietakoren batekin.
Petronorrek ura xukatzeko erabiltzen dituen hamar punpatako bultzagailuak fabrikazio aditiboaren bitartez ekoizteko eskatu zion Addimen enpresari. Ordezko pieza horiek findegian kritikoa ez den zerbitzu baterako erabiliko dira, instalazioaren eragiketa edo segurtasuna arriskuan jarri gabe.
Fabrikazio aditiboa deritzon teknologia honen bitartez, atea ireki zaio industria-konplexuetan ordezko piezen kopuru handiak biltzeko premia saihestuko duten balizko katalogo birtualak erabiltzeko aukerari, mantentze-lanak erraztuz eta merketuz.
Teknologia honek “orain arte galdaketaz baino ezin gauza zitezkeen egitura eta geometria konplexuko pieza metalikoak ekoizteko aukera berriak eskaintzen ditu”, adierazi du Arturo Fernandez Goyenechea Petronorren Berrikuntza arloko kudeatzaileak.
Gainera, manufaktura aditiboak serie laburrak eskaripean ekoizteko aukera ematen du, planorik edo molderik ez duten osagai zaharrak ordezkatzeko lana erraztuz. “Teknika hau finkatuz gero, zailagoa izango da ordezko piezak deskatalogatuta egotea, gure hornitzaileek berriro fabrikatu ahal izango dituztelako egun gutxiren buruan”, nabarmendu du Fernandezek.
Era berean, ordezko pieza batzuk deskatalogatuta geratzeko arriskuari aurre eginez, findegiak behar dituen baino pieza gehiago biltegiratuak ditu. Honela, fabrikazio aditiboak epeak laburtu eta biltegiratze-premia horiek arindu ahal ditu.