Ur Partzuergoak banatzen duen edateko uraren kontsumoa murrizteko, nahitaezkoa da ur-hornidura bermatzeko iturri alternatiboak bilatzea, eta horretarako, bi aukera aztertu dira: Barbadun ibaitik ura biltzea edo zundaketa-putzuetatik ateratzea.
Lehenengo aukeran, ura bildu, punpatu, findegira garraiatu eta bertan tratatu behar da, industria-jardueretan erabili ahal izateko. Proiektuaren konplexutasunak eta lehorte-garaian zerbitzua bermatzeko ezintasunak hornidura-iturri hau eragozten dute.
Aldi berean, gero eta bideragarriagoa dirudi zundaketa-putzuetatik ura ateratzeko aukerak. Beharrezko baimenak eskuratu ondoren, zenbait lagin hartu dira, eta horietan lortutako emaitzek etorkizunean hornidura berma litekeela iradokitzen dute. Oraingo eginkizuna, dagokion ingeniaritza-proiektua taxutu eta beharrezko ustiaketa-baimena eskatzea da.
Uraren kontsumoaren murrizketa
Helburua ez da soilik edateko uraren kontsumoa murriztea; horrekin batera, prozesuko kontsumoa ere gutxitu nahi da, eta horretarako, beste hainbat neurriren artean, lurruna sortzeko premiak murriztu behar dira energia-eraginkortasuna hobetuz. Xede honi begira, 2017an, 28 milioi euroko inbertsioa egin da bi konpresore berritzeko, eta honi esker, urteko ur-kontsumoa 600.000 m3 murriztea lortu da.
Era berean, aurrerapauso handiak eman dira ur gehiago berreskuratzeko ahaleginean. Azken hamar urteotan 3 milioi euroko urteko inbersioa jaso duen ur-araztegia giltzarrizko faktorea da berreskuratze-ahalmena ahalik eta gehien optimizatzeko. Ura profitatu eta berreskuratzearen aldeko interes horren proba garbia dugu, halaber, euri-ura biltzen duen “Ekaitz-Andela” deritzonaren eraikuntza.
“Uraren Maparen” laburpenaren arabera, Petronorrek kontsumitzen duen uraren % 30 berrerabiltzen du, % 36 ur-lurrun bezala isurtzen du atmosferara eta % 33, behar bezala araztu ondoren, itsasora bideratzen du itsaspeko hustubidean zehar.