Ur natural sufretsuak eta honen ezaugarri sendagarriak arras ezagunak dira duela milaka urtez geroztik. XX. mendearen hasieran, mediku askok horrelako iturburuetan bainuetxeak egitea proposatu zuten, medikuntza-izaerakoak eta sendabidetzat erabiltzeko modukoak. Horiexen artekoa dugu Baoko bainuetxea, Abanto-Zierbenan.
1885ean, Trianoko trenbidea eraikitzeko lanak egiten zituzten bitartean, Zierbenako ur sufretsuen iturburua agertu zen. 1917an, Ortuellan lanean ziharduen Antonio Tohaces mediku leondarrak 2 bainuontzi eta hainbat dutxa zituen “Fuente Milagrosa de El Bao” izeneko instalazioa inauguratu zuen, Trueba Zentroak emandako datuen arabera.
Ur hauen ezaugarriei esker, hainbat patologiaren tratamendu naturala egin ahal izan zen, baina gaur egun, enpresa farmazeutikoak arduratzen dira, askotan gugandik oso-oso hurbil dauden ur natural hauetan oinarrituta, emaitza hobeak ekarriko dituzten sendagai berriak ikertu eta garatzeaz.