Muskizko kiroldegiko atletismo pistan jokatu zen igandean Greenpower proiektuaren Estatuko hirugarren proba. Harmailak jendez gainezka zeudela eta kontuan hartzeko moduko parte-hartzea tarteko, Somorrostroko GpZcar Team taldeak bigarren postua lortu zuen lasterketan eta lehen postua proiektuaren aurkezpenean, karrozeriarik onenagatik eta ibilgailuko teknologiarik aurreratuenagatik.
Kid´s Kitcar – Greenpower elkarteak antolatutako ekitaldi honen hasieran, txikienak lehiatu ziren goblin kategorian, Lauro Ikastolaren eta Asturiasko Peñavera ikastetxearen arteko norgehiagoka ikusgarriarekin, azkenean Asturiaskoak nagusitu ziren arren.
Ondoren, nagusien txanda iritsi zen, F-24 kategoria, ibilgailu elektrikoei ahalik eta errendimendurik onena ateratzen ahalegindu ziren 9 ibilgailuren parte-hartzeaz. Garaipena Gazteluetak aurkeztutako ibilgailuetako batek lortu zuen, eta bigarren postua GpZcar muskiztarrak.