Joan den asteburuan, ekainak 9 eta 10, hainbat erakusketa, tailer eta erakustaldiren bitartez, 60 birsortzaile baino gehiagok Muñatoizko Gaztelua eraldatu eta Erdi Aroko museo bizia bihurtu dute. XI. eta XV. mendeen bitarteko gaztelu honek eskaintzen duen aukera paregabeaz baliatuta, bisitariei Erdi Aroko eguneroko bizimoduko hainbat alderdi ezagutzera ematea izan da ekimenaren helburua.
Alde batetik, erakusketetan, birsortzaileek Erdi Aroko bizimoduaren gaineko azalpenak eman eta hainbat alderdi bistaratu dituzte. Era berean, txikiek nahiz adinekoek parte hartzeko moduko tailerrak ere antolatu dira. Horrela, nalebinding tailerrean, puntua egiten ikasi dute hezurrezko orratz txiki baten laguntzaz, eta txikienei zuzenduta, arkeria tailerra antolatu da. Azkenik, arma, zalditeria eta borroka erakustaldiak ez ezik, ipuin-kontaketak eta txotxongilo emanaldiak ere eskaini dira.