Muskiz eta Zierbenako La Arena hondartza AENORen kalitate eta ingurumen-kudeaketa ziurtagiriak dituzten Bizkaiko hondartzetako bat da. Espainiako Normalizazio eta Ziurtapen Elkartea da AENOR, arau teknikoak garatu eta hedatzeaz jabetzen den erakundea eta enpresen ekoizpenaren eta ingurumenaren kudeaketaren kalitatea egiaztatzeaz arduratzen den agentzia.
Orain dela zenbait urte arte, “bandera urdina” izeneko tituluak eman izaten ziren, uraren kalitatea, sarrera egokiak, harearen edo zerbitzuen garbitasuna eta bestelako faktoreen arabera. Baina, urtez urte, tradiziozko ikur hori garrantzia galduz joan da, AENORen ziurtagirien mesedetan, ISO 9.001 kalitateaz eta 14.001 ingurumen-kudeaketaz.
La Arena hondartza dugu, hain zuzen ere, urtez urte uraren kalitate bikaina duten Bizkaiko hondartzetako bat. Bikaintasun hori ez da egun bakarreko fruitua, ezta urte bateko fruitua ere, baizik eta maila horretan mantendu da Azti-Tecnalia zentro teknologikoak eta URA Euskal Agentziak azken hamar urteotan bildu eta aztertu dituzten datuetan.