“Ama Guadalupekoa” traineruak egin zuen eguneko denborarik onena, Sestaoko banderako bigarren postua errepikatu eta titulua eskuratzeko ohiko bi hautagaien ordezko alternatiba bihurtu den Zierbenako traineruari ia bost segundu ateraz.
Hirugarren postua Urdaibairentzat izan zen. Bermeotarrek hirugarren postuari eutsi zioten sailkapen nagusian, eta horri esker, balio handiko puntu bat lortu zuten, Oriok egindako denbora 6 ehunenekotan hobetu zutelarik.
Atzoko jardunaldian, halaber, Euskotren Ligarako lau plazak erabaki ziren. San Juan Iberdrola traineruak, III. Petronor Bandera irabazteaz gain, emakumezkoen ligarako sailkapena lortu zuen Orio Babyautorekin batera, azken hauek atzoko bigarrenak izan baitziren. Hirugarren postua GU Arrauneko arraunlarientzat izan zen, eta Hondarribia Bertako Igogailuak traineruak ere ondo merezitako lekua lortu zuen emakumezkoen arraunaren elitean, bigarren jardunaldi honetan laugarren amaitu ondoren.
Miguel Gutiérrez Petronorren zuzendari nagusiak –ikurriñaren babesle- findegiaren ordezkaritza burutu zuen, José Ignacio Zudaire Erakunde Harremanetako zuzendariarekin eta Pedro Boyra Mantenu zuzendariarekin batera.