Erregeak Petronor bisitatu du 50. urteurrenean

Petronorren etorkizuneko instalazioen lehen harria jartzen.
-Felipe VI.a Erregeak, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, beste hainbat agintarirekin batera eta Emiliano López Atxurra Petronorren Presidentea ondoan zutela, Petronorren etorkizuneko instalazioen lehen harria jartzeko ekitaldian parte hartu dute.

-Erregeak bertatik bertara ezagutu ahal izan du findegian gaur ofizialki inauguratu den kontrol gela berria.

-Kontrol gela berri honi 39 milioi euroko inbertsio berriak gaineratu behar zaizkio, Ingeniaritza eta Garapena, Mantenimendua eta Fidagarritasuna, Segurtasuna, Ingurumena eta Kalitatea sailei zuzenduta, nagusiki.

 

Petronorrek 50. urteurrenaren ekitaldi nagusia ospatu du gaur, etorkizuneko instalazioen lehen harria jarriz. Instalazio horietan bilduko dira ingeniaritza eta garapeneko eta mantenimendu eta fidagarritasuneko jarduerak, besteak beste, berrikuntza findegiaren etorkizuneko oinarri nagusia duen proiektua osatuz.

Erregea izan da ekitaldiko buru, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua eta Emiliano López Atxurra Petronorren Presidentea aldean zituela.

Petronorrek bultzada berri bat eman dio etorkizunari, izan ere, duela zenbait hilabete abian jarri eta gaur ofizialki inauguratu den Kontrol Gelari inbertsio berriak gaineratuko zaizkio Ingeniaritza eta Garapena, Mantenimendua eta Fidagarritasuna, Segurtasuna, Ingurumena eta Kalitatea bezalako esparruetan, baita Ekoizpenean, Administrazioan, Prestakuntzan eta Giza-Baliabideetan ere. Guztira, 39 mililoi euroko inbertsio plana.

Emiliano López Atxurrak esker ona adierazi die honainoko bidea jorratzen lagundu duten guztiei, eta haren esanetan, “iragana aintzat hartzen dugunez gero, solidarioak izan nahi dugu etorkizuneko belaunaldiekin. Gure aurrekoak izan zirelako gara, eta zer garen izateko gai bagara, ondoren etorriko direnak ere izango dira. Jasotako herentzia kudeatu eta beste 50 urtetara zabaltzeko erantzukizuna dugu. Geure eginbeharra da, osagai guztiak baititugu: prestatutako pertsonak, gaitasun teknologikoak, ikuspegi estrategikoa, adorea eta etorkizun-gosea. Ez dugu aitzakiarik ilusioa berriz ere ez suspertzeko”.

300 pertsona baino gehiago bildu dira gaur, 1968an inauguratu zenez geroztik, Estatuko findegirik handiena bihurtu denaren bost hamarkadako ibilbidea ospatzeko. Euskal industrialarien talde batek abiarazitako asmo handiko proiektu honek berrikuntzaren eta pertsonen aldeko etengabeko konpromisoan oinarrituta bete ditu orain arteko ibilbidearen lehenengo berrogeita hamar urte hauek.

Orain, Petronorrek etorkizunari begiratzen dio, hasieraz geroko eta une oroko jardueraren garapena gidatu duten espirituari eta balioei jarraipena emanez begiratu ere.

Petronorrek 90 milioi euro inguru inbertitzen ditu urtero Muskizko instalazioetan teknologia garatzeko, lehiakortasunari, energia-eraginkortasunari zein produktibitateari dagozkien kotarik altuenetara iristeko asmoz, ingurumen eta segurtasun arloetako neurririk zorrotzenaz betetzeaz gain. Horretarako erabili duen berrikuntza politika irmoak Petronorren eraldaketa ekarri du, digitalizazioa, 4.0 industria, adimen artifiziala eta big dataren bitartez.

Instalazioetarako bisita

Testuinguru honetan, konpainiak egungo findegiaren ondoan inauguratuko ditu datozen urteoan instalazio berriak. Gaur, konpainiaren 50. urteurreneko ospakizunen ekitaldi nagusian, Emiliano López Atxurra Petronorren Presidenteak Erregeari erakutsi dio, konpainia berriz ere berrikuntzaren abangoardian eta Estatuko fintze sektorearen buruan kokatuko duen proiektuaren maketa.

Era berean, findegirako bisitan, Felipe VI.ak bertatik bertara ezagutu ahal izan du gaur ofizialki inauguratu eta jardun betean diharduen kontrol gela berria. Petronorren Presidenteak ekipamendu berriak erakutsi eta findegiko ekoizpen-prozesua azaldu dio Erregeari, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua, Jesús Loza Gobernuaren Euskadiko Ordezkaria, XX Ministroa eta Muskiz, Abanto-Zierbena eta Zierbenako alkateak diren Borja Liaño, Maite Etxebarria eta Iñigo de Loyola Ortuzar ondoan zirela. Petronorren akziodun nagusia den Repsol konpainiaren izenean, bertan zeuden Antonio Brufau Presidentea eta Josu Jon Imaz CEOa, eta Kutxabanken partez, Gregorio Villalabeitia Presidentea eta Javier García Lurueña CEOa.

Petronorren lehenengo 50 urteak

Petronorren historia Bilboko Superportuarekin estu-estu lotuta dago hasierako urteetatik. Konpainiak Muskizko findegiaren eraikuntzarekin uztartu zuen Bizkaiarentzat garrantzi gorenekoa bihurtu den azpiegitura horren finantzaketa, sakonera handiko portu baterako sarbidea izateak Petronorri lehiatzeko abantaila ekarriko liokeen ustean.

Petronorrek 1986an finkatu zuen bere historiako mugarririk handienetako bat, berunik gabeko gasolina ekoizten hasi zen Espainiako lehenengo findegia bihurtu zenean, eta berrikuntzaren aldeko konpromiso horri esker, Espainiako fintze-sektoreko lider bilakatu da.

Petronorren kapitalean izandako aldaketarik garrantzitsuena 1990ean gertatu zen, Repsol Petronorren sartu zenean. Honek sinergiak erraztu zituen esperientzia komertziala, zerbitzuguneak eta bezeroen sareak bezalako esparruetan. Gaur egun, Petronorreko partaidetza sozialaren % 85,98 Repsolena da eta % 14,02 Kutxabankena.

Ingurumenaren aldeko konpromisoari lotuta, Petronorrek Fuelolioa Murrizteko Unitatea (FMU) sortu zuen 2010ean, ordurarte Euskadin izandako inbertsio industrialik handiena eginez. Unitateak fuelolioa balioztatzen du, % 80 destilatu ertainak eta gasolina bihurtuz, eta horri esker, urtean atmosferara 160.000 tona CO2 gutxiago isurtzea lortu du.

Petronorri buruz

Petronorrek urtean 12 milioi tona petrolio prozesatzeko ahalmena du, Espainiako findegirik handiena bihurtu delarik. Plantillan 940 langile dituela eta beste 6.200 pertsonarentzako zeharkako enpleguak eraginez, eskualdeko enplegurik-sortzailerik handiena bilakatu da. Azken bost urteotan, 1.200 milioi euroko guztizko inbertsioak bideratu ditu.

Petronorrek Bilboko Portuko joan-etorri guztien % 40 baino gehiago eragiten du. Ekoizpenaren herena baino gehiago esportatzen du, hau da, Bizkaiko esportazio guztien % 18,21 edota Euskadiko ekoizpenaren guztizko balioaren % 9,7. Ogasunari egiten dion urteko batez besteko ekarpena 700 milioi eurotik gorakoa da, hots, Bizkaiko zerga-bilketa garbiaren % 10 baino zertxobait gehiago.