Ekitaldia Amarok Educación Caninak antolatu zuen, Muskizko Udalarekin elkarlanean eta Petronorren laguntzaz. San Juan zelaiko pilotalekuetan adin tarte guztietarako ikuskizuna eskaini zen, eta gune tematiko desberdinetan lanean ikusi ahal izan ziren txakurrak.
Zailtasun desberdineko hiru proba izan zituen lehiaketak; adibidez, testuinguru desberdinetan, txakurrek salbia olio esentzial tanta bat aurkitzea (ibilgailuetan, geletan…). Ariketa horretan, aurkitu beharreko substantzia kantitatea aldatu egin zen fase batetik bestera. Ildo beretik, proba horretako mailarik zailenean, txakurrek hiru substantzia atzeman behar izan zituzten, janaria, jostailuak eta hainbat distrakzio gaindituz.
Sailkapenei dagokionez, 1. Mailan (zailtasun txikia) Lali entrenatzailearen “Picara” txakurra (Bek9 Kluba) izan zen garaile, Olatzen “Uda” (Amarok Kluba) bigarren eta Daniren “Byte” (Malisharp Kluba) hirugarren. 2. Mailan (zailtasun ertaina) Jon entrenatzailearen “Shiva” txakurrak irabazi zuen (Amarok Kluba) eta Franciscoren “Wallace” (AK9 Kluba) txapeldunorde izan zen. 3. Mailan, zailena, “Elvis”-ek irabazi zuen, Montseren txakurra (AK9 Kluba).
Gainera, lehiaketaz aparte, Jorge Hernández Segurola Amarok klubeko zuzendariak artzaintza erakustaldia eskaini zuen eta gaitasun zein obedientzia lehiaketa ere izan zen. Ongintzarako tartea ere izan zen, izan ere, elkartasunezko azoka txikia antolatu zen, eta 3 saski zozkatu ziren, APA SOS Bilbao eta 1 de los Nuestros animaliak babesteko elkarteen eskutik.