Repsol Fundazioak startup-entzako bere azkartze-programaren deialdi berri bat abiatu du

Repsol Fundazioak bere Ekintzaileen Funtseko zortzigarren deialdia abiatu du. Honakoa industria energetiko eta kimikoaren, mugikortasun aurreratuaren eta ekonomia zirkularraren arloetan konponbide berritzaileak eskaintzen dituzten startup-ei laguntzeko azkartze-programa bat da.

Parte hartu gura duten ekintzaileek martxoaren 4ra arte aurkez ditzakete euren proiektuak fundacionrepsol.com-en eskuragai duten orrira jota.

Ekintzaileen Funtsak sei eta zortzi enpresa bitartean laguntzen ditu urtero komertzialtze-aurreko aldian, ahalik eta epe laburrenean merkatuko errealitate bihur daitezen behar duten bultzada emanda. Guztiak ari dira berrikuntzak lantzen trantsizio energetiko iraunkorragoan nolabait lagungarri izateko.

Aukeratutako proiektuek urtean 144.000 eurora arteko diru-laguntza jasoko dute, eta baita mentore talde baten espezializatutako prestakuntza eta aholkularitza ere. Ekintzaile taldeek Repsol-eko adituengana jo ahal izango dute eta, gainera, konpainia energetikoaren instalazioetan probak egin.

Babes hau ezeren truke ematen da, enpresaren kapitalean parte hartu eta jabego intelektualeko eskubideak eman beharrik gabe.

Azkartze-prozesuak urtebete irauten du, eta baldintza berberetan bigarren urte batera arte luzatu ahal izango da.

Gainera, Ekintzaileen Funtsak Ideas deritzan maila du, garapen luzeagoa behar duten startup-ei laguntzeko. Honakoetan, Fundazioak 2.000 euro eskaintzen ditu hileko 12 hilabetez, eta horrekin batera gainerako proiektu helduagoek jasotako aholkularitza eta prestakuntza berbera eskaintzen du.

Nork har dezake parte?

Deialdia enpresa txiki eta ertainei zuzentzen zaie, nahiz eta oraindik euren enpresa osatu ez duten persona fisikoek ere parte har dezaketen.

Ekintzaileen Funtsa ekimen globala da, munduko edozein lekutako ekintzaileek parte hartzera zabaldua, ez baita beharrezkoa inongo lan-eremura modu jarraian joan behar izatea.

Repsol Fundazioaren azkartze-programak honako arloetan konponbide berritzaileetan lan egiten duten startup-ei ematen die laguntza:

-Industria energetiko eta kimikoan efizientzia hobetzekoa.
-Digitalizazioa eta mugikortasuna, pertsonentzat balioa sortzen duten proposamen berritzaleak eginda.
-Ekonomia zirkularra eta biotech.
-Industria kimiko eta energetikorako, eraikuntzarako, etxebizitzarako edo garraiorako material berriak sortzekoa.
-Banatutako sorkuntza elektrikokoa eta energia biltzekoa.
-Petrolioaren eta gasaren aurkikuntzarako eta ekoizpenerako teknologia berriena.

Ekintzaileen Funtsa zifratan

Repsol Fundazioak, bere Ekintzaileen Funtsaren bitartez, euren berrikuntzekin eredu energetiko iraunkorragoa ahalbidetzeko laguntzen duten ekintzaileei babesa modu eraginkorrean ematea bilatzen du.

Zazpi edizio eta gero, daborduko 48 dira azkartutako startup-ak, eta hauek 20 milioi baino gehiagoko inbertsioa eta finantziazioa lortu dute eta ehundik gora patente erregistratu dituzte.

2011an abiatu zenetik egindako deialdietan, 2.700dik gora proposamen jaso dira. Deialdi honetan aukeratutakoak 2019ko uztailean ezagutaraziko dira.

Iaz zazpi startup aukeratu ziren, eta nabarmentzekoak dira deialdiaren arloetan gauzatu zituzten berrikuntzak. Horietako bat Portugaletik zetorren, bestea AEBetatik eta gainerakoak Euskal Herritik, Kataluniatik eta Kantabriatik.

Informazio gehiago eta parte hartzeko arauak, hemen: fundacionrepsol.com