‘68aren ostean’, Petronorrek babestutako erakusketaren inguruan Bilboko Arte Ederretako Museoak euskal zinemaren bost hamarkadari buruz eskainitako zikloa oparo dator hurrengo egunotan. Hala, gaur, hilak 22 (17:30etan) eta 24an (19:30etan) ‘Golfo de Vizcaya’(Javier Rebollo, 1985) jarriko du ikusgai. Egun berberetan, baina 19:30etan eta 17:30etan hurrenez hurren, ‘Ikuska 9’ (José Julián Bakedano, 1980), ‘Chillida, retrato en casa’ (José Julián Bakedano eta Pedro de la Sota, 1983) eta ‘Oraingoz izen gabe’ (José Julián Bakedano, 1986) proiektatuko dira.
‘Golfo de Vizcaya’ren aktore nagusiak Omero Antonutti eta Silvia Munt dira. Badira euskal jatorrikoak ere, Ramón Barea, Patxi Bisquert eta Mikel Albisu esaterako. Honakoa da argumentua: Hamabost urtez Frantzian bizi eta gero Lucas, iragan iluneko kazetaria, Bilbora itzultzen da, jaioterrira. Neska gazte batekin harreman bizi-bizia izango du orduan, baina zenbait gertakarik ia ezinezko egingo dute bikotearen intimitatea.
‘Ikuska’ dokumental saila 1970. hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran eginikoa da. Film bakoitzak bere zuzendaria eta gidoilaria zituen baina guztiek jorratzen zituzten Euskal Herriko gaiak. Bederatzigarrenaren iraupena 10 minutukoa da eta Zinebiren lehenengo saria jaso zuen 1980an.