Fidagarritasun Sailak hilabeteak daramatza Geldialdia prestatzen, horretan parte hartuko duten gainerako sail guztiekin batera, bereziki lanak gauzatzeaz arduratzen den Geldialdi Sailarekin eta unitateak lanetarako egokitzen dituen Eragiketa Sailarekin batera. Duela urtebete, Geldialdiko Aurreikuspenen liburua landu zuten, Administrazioaren eskariz ekipoetan egin beharreko ikuskapenak zehaztuz. Hauetan, hiru faktore kontuan hartu behar dira, nagusiki: ekipoen portaera historikoa, zikloan zehar instalazioetan egindako ohiko ikuskapenak eta geldialdiak unitateetan izango duen iraupena. Fase honetan, Fidagarritasun Sailaren lana funtsezkoa da, izan ere, lan horren zehaztasunaren arabera, plangintza ezustekorik gabe bete ahal izango da, gainkostuak eta aparteko baliabideen beharrak saihestuz.
Geldialdia hasi ondoren, ekipoak ikuskatzeaz arduratzen da, horien funtzionamendu egokia eta segurtasun mekanikoa bermatzeko behar diren konponketak bideratuz. Horrekin batera, laguntza teknikoa ematen dio Geldialdi Sailari arazoak konpontzeko, konponbideak proposatzen ditu eta egin beharreko lanen jarraipena eta kalitate-kontrola egiten laguntzen du. Etapa honetan, zorroztasun eta zuhurtzia osoz jokatu behar da, detektatu gabeko akatsik ager ez dadin.
Azkenik, Geldialdia amaitu bezain laster, ekipo bakoitzari buruzko txostena egin behar du, gorabeherak, konponketak eta etorkizunean egin beharreko ikuskapenak jasoz; Industriarako Ikuskapen Ofizialen ziurtagiriak landu behar ditu, ikuskatuta dauden ekipoak zehaztuz; eta aurreikuspenen eta ikuskapenen arteko korrelazioa aztertu behar du, eraginkortasun maila zehazteko eta balizko hobekuntzak bideratzeko. Guztiz funtsezkoa da egindako jarduera guztiak zehaztasun osoz jasotzea, hurrengo Geldialdia hasten denean dagozkion aurreikuspenak taxutu ahal izateko.
Unitateek segurtasunez lan egitea da jarduera hauen guztien helburu nagusia, findegiaren jardunean ingurunearen gaineko inpakturik gerta ez dadin.