Hiztegian bildutako piktogramek pertsona batek izan ohi dituen gaixotasunik arruntenak erakusten dituzte. Gaixotasun bakoitza marrazki baten bidez irudikatuta dago, generorik gabe, arrazarik gabe eta mugikortasun desberdinak barne hartuz, autismoa duen pazienteak medikuarekin errazago komunikatzeko aukera izan dezan, beste inoren laguntzaz edo bitartekaritzaz baliatu beharrik gabe.
Ideia San Jose de Calasanz ikastetxean laborategiko teknikariaren ikasketak egiten ari ziren bost ikasleren eskolako lan batekin sortu zen, osasun-sistema humanizatzeko helburuari jarraiki. Horrela bururatu zitzaien hiztegi hau lantzeko asmoa, eta denbora, arropa eta abar identifikatzeko piktogramekin lan egiten duen APNABIrekin (Autismoaren Espektroko Nahasteek kaltetutakoen familien elkartea) hitz egin ondoren, proiektua kolektibo honi zuzendu eta errealitate bihurtzea erabaki zuten.
Honelaxe sortu zen Piktegi. Elkarte bezala eratu zen Abanto Zierbenan, eta Petronorri ekimenaren berri eman bezain laster, konpainiak proiektuaren gastu guztiak diruz laguntzea erabaki zuen.
Hiztegi honekin autismo maila guztiei erantzuterik ez dagoen arren, Arianek, Iratik, Eiderrek, Alainek eta Iraidek “autismoari zuzendutako marrazki hauek beste pertsona edo kolektibo batzuentzat ere erabilgarriak izatea” espero dute.