Petronorrek erabilera industrialetako CO2a atzitu eta balorizatzea xede duen Euskadiko lehen proiektuan parte hartuko du

Petronorrek, lehiakortasuna hobetzeko berrikuntza iraunkorraren aldeko (eko-berrikuntza) apustuari eusten dioten beste 10 erakunderekin batera, CO2 industriala atzitze eta balorizatzeko teknologia berritzaile eta lehiakorrak ikertu eta garatzea xede duen I+G arloko LOWCO2 proiektuan parte hartuko du.

LOINTEK buru duen partzuergoak industria arloko erreferenteak ditu partaide; hala nola, PETRONOR, CALCINOR, CEMENTOS LEMONA, PREFABRICADOS ETXEBERRIA, SADER, TAMOIN eta ZABALGARBI, baita TECNALIA zentro teknologikoa, Bilboko Ingeniaritza Eskola (EHU), Aclima, Basque Environment Cluster eta BANTEC aholkularitza-enpresaren lankidetza ere.

LOWCO2 proiektuak 4,9M€tik gorako aurrekontua eta 3 urteko iraupena ditu eta Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK 2019 Programaren babesa izan du, kalifikaziorik onena lortu baitu aurkeztutako izaera estrategikoko proiektu guztien artean.

Proiektuaren bitartez, CO2a atzitu eta balorizatzeko teknologia berritzaileak garatu eta baliozkotuko dira, helburu bikoitza lortzeko: C02 isurpenak murrizten lagunduko duten ekipo eta prozesu berriak lortzea, eta atzitutako CO2aren ustiapenean oinarritutako balio-kate berrien sorkuntza erraztea.

Zenbait berrikuntza-arlo estrategiko aurreikusi dira: i) CO2a atzitzeko material eta prozesu berriak; ii) CO2tik abiatuta metanoa eta metanola ekoiztea, errendimendu altuko sistema katalitikoak dituzten erreaktore miliegituratuen bitartez, eta iii) hondakinak karbonatatzeko teknologiak (hondakinetan CO2a txertatuz), eraikuntzako materialen fabrikaziorako lehengaitzat erabil ahal daitezen.

LOWCO2 proiektuak erantzuna ematen die beroketa globalak iraunkortasunaren zein enpresa-lehiakortasunaren ikuspegitik dakartzan erronkei; Europako Batzordeak asmo eta zorroztasun handiko helburuak ezarri ditu, 2050erako berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioetan % 80 eta % 95 bitarteko murrizketa lortzeko. Euskadik, bere aldetik, KLIMA 2050 deritzon klima-aldaketari buruzko estrategia zehaztu du, eta horretan ere, asmo handiko murrizketak finkatu ditu helburutzat: % 40koa 2030erako eta % 80koa 2050rako.

Aurreikuspen honek CO2 isurpenen mugak murriztuko ditu pixkanaka-pixkanaka, eta penalizazio ekonomikoak ezarriko zaizkie horrelako gasak gehien isurtzen dituzten industriei.

Parisko Akordioan finkatutako klimaren arloko helburuak betetzeko, 12 Giga-ton CO2 (GtCO2) inguru atzitu eta biltegiratu beharko litzateke 2015etik 2030era bitartean, eta 100 GtCO2 baino gehiago maila globalean, 2030. eta 2050. urteen artean. Egun, isuritako CO2aren % 1 baino ez da berrerabiltzen eta balorizatzen.

Egoera honetan, LOWCO2 proiektuak euskal industriaren erantzuna gehituko dio erronka global honi, eta lehiakortasunaren aldeko osagaitzat txertatuko du merkatuan, negozio-aukera iraunkor berrien sorkuntzaren mesedetan.