Repsol Fundazioak energia eta mugikortasunaren arloko startupentzako azeleragailuaren deialdi berria ireki du

Repsol Fundazioak Ekintzaileen Funtsa deritzonaren bederatzigarren deialdia ireki du, energia, industria kimikoa, mugikortasuna eta ekonomia zirkularrari zuzendutako soluzio berritzaileak eskaini eta trantsizio energetikoa iraunkorragoa egiten laguntzen duten startupei laguntzeko. Azelerazio-programa honetan parte hartu nahi duten ekintzaileek proiektuak aurkez ditzakete 2020ko martxoaren 4ra arte fundacionrepsol.com webgunean erabilgarri dagoen formularioaren bitartez.

Hautatutako proiektuek urteko 120.000 euroko laguntza ekonomikoa ere jaso ahal izango dute, mentore-talde batek emandako aholkularitzarekin batera. Gainera, ekintzaile-taldeek Repsolen adituengana jo eta probak konpainia multienergetikoaren instalazioetan egiteko aukera izango dute.

Azelerazio-prozesuak urtebeteko iraupena du, eta gehienez, beste hamabi hilabetez luzatu ahal izango da.

Deialdia oinarri teknologikoa duten nazioarteko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago, izan ere, ez da beharrezkoa taldeak beren kokapenetatik mugitzea.

Repsol Fundazioaren azelerazio-programak laguntza ematen die soluzio berritzaileak garatzen dituzten startupei, hainbat esparrutan: ekonomia zirkularra; industria kimikora zuzendutako balio erantsi handiagoko edo prestazio altuetako materialak lortu eta erabiltzeko teknologiak; elektrizitate eta mugikortasunaren merkaturako teknologia disruptiboak; eta petrolio eta gas industriaren arloko eragiketa-eraginkortasuna.