Sufre gutxiko fuel mota berri honen fabrikazioarekin, Petronorrek Nazioarteko Itsas Erakundearen eskaeretara egokitzen du bere ekoizpena. Izan ere, IMO bera (International Maritime Organization) izan zen zehaztu zuena, 2020tik aurrera, ontziek erre behar zuten fuela %3,5eko sufre kontzentraziotik %0,5era igaro behar zela, errekuntzako gasak garbitzeko berariazko araztaileak lituzketen ontziak salbuetsita. Dena den, sektorean ‘scrubbers’ deritzaien arazketa sistema hauek munduko itsas-trafikoan oso gutxik dituztenez, %0,5 sufre eskaseko fuelen ondorengo fabrikazioa aldaketarik handiena da fintze-sektorearen azkenaldiko historian.
Sorkuntza elektrikorako euskal termikak elikatzeko fuel fabrikatzaile modura 1968an sortu zen Petronorrek ez dio utzi 50 urte baino gehiago hauetan merkatuaren eskakizunetara egokitzeari. Fuel industrial arruntaren hasierako fabrikaziotik, mugikortasunerako erregaietara egin zuen jauzi (gasolinak eta gasoleoak); 1995ean lehen findegia izan zen berunik gabeko gasolina sortzen; eta 2011n koke-planta edo Fuela Gutxitzeko Unitatea abiarazi zuen bere ekoizpena merkatuak eskatutako saskira egokitzeko. Azkenaldian, hidrogenoaren ekoizpena du jomuga eta, duela 15 egun eskas, Administrazio Kontseiluak banatutako sorkuntza elektrikoari begirako bere apustua berretsi zuen. Sufre eduki oso txikiko fuelaren fabrikazioa enpresa multienergetiko moduko bokazio horretan uztartzen da.