Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin batera, euskal agintariari Petronorreko presidente Emiliano López Atxurrak, Kontseilari Ordezkari José Gregorio Luquek eta Harreman Instituzionaletako zuzendari José Ignacio Zudairek egin diote harrera, eta horiekin bildu da ostean.
Lehendakariaren esanetan, “trantsizio energetiko-ingurumenekoaren aldeko apustua aukera bat da euskal ekonomiarentzat eta horretan Petronor erreferentea da”.
Lehenengo proiektuak, 60 milioi euroko hasierako inbertsioa tarteko, energia berriztagarriarekin sortutako hidrogeno berdetik abiatuta isurpen garbirik gabeko erregaiak ekoiztuko dituen munduko instalaziorik handienetako bat eraikitzea izango du helburu. Ekoizpenean erabilitako lehengaiak dira erregai berritzaile horien ezaugarri nagusia: ura eta CO2, besterik ez.
Egun Estatuko nahiz mundu osoko automobiletan instalatzen diren errekuntza-motorretan erabili ahal izango dira, baita hegazkinetan, kamioietan eta beste aplikazio batzuetan ere. Instalazioa guztiz abian izango da lau urteko epean, eta erreferentziazkoa izango da Europan aplikatutako puntako teknologiagatik eta Petronorren findegian atzitutako CO2aren erabileragatik.
Bigarren proiektua, aurrekoaren ondoan kokatua, aukeran Bilboko portuan eta inguruan alegia, 20 milioi euroko hasierako inbertsioaren bitartez gauzatuko da, Petronor buru izanik, eta hiri-hondakinetatik abiatuta gasa sortuko duen instalazio baten eraikuntza ekarriko du.
Gas honek ohiko erregaien zati bat ordezkatuko du euskal findegiko ekoizpen-prozesuan, hauxe baita Estatuan ekoizpen-gaitasunik handiena duten instalazioetako bat. Bigarren ekimen hau Repsolek eta Petronorrek ekonomia zirkularra bultzatzearen alde abian jarri eta teknologiaren zein berrikuntzaren bidez konpainiaren ekoizpen-zikloaren fase askotan aplikatzen duten estrategiari atxikita dago.