-Sinaketatik bi urte igaro direla, begi-bistako aurrerapenak egin dira, hala nola, Bilbon ezarritako 30 km orduko gehienezko abiadura, hidrogenoaren proiektua edota Petronorrek erregai sintetikoak ekoizteko abian duena.
-Bilboko Udalak eta Petronorrek SUM Bilbao 2021 deritzon Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarraren edizio berri bat iragarri dute gaur, urrian antolatuko baita Bizkaiko hiriburuan.
Petronorrek eta Bilboko Udalak Hiri-mugikortasun iraunkorragorantz deritzon Bilboko Adierazpenaren bigarren urteurrena ospatu dute gaur goizean, Azkuna Zentroan antolatutako ekitaldian. Guztira, 17 erakundek eta enpresak sinatu zuten hiri-mugikortasunaren arloko eredu iraunkorragoak eraiki eta trantsizio energetikoaren prozesua bultzatzea xede zuen Bilboko Adierazpenaren ibilbide-orria.
Bilboko Adierazpena sinatu zela bi urte igaro diren honetan, nabarmentzeko moduko aurrerapenak egin dira. Bilboko Udalak, besteak beste, 30 kilometro orduko gehienezko abiadura-muga ezarri die hiri osoan dabiltzan ibilgailuei. Honela, Bilbo, udalerriko bide guztietan ibilgailuen abiadura 30 km orduko abiaduran mugatua duen mundo osoko lehenengo hiri handia bihurtu da, eta horrek nazioarteko eredu eta erreferente bilakatu du mugikortasun iraunkorrari eta osasungarriari buruzko paradigman aldaketari dagokionez.
Era berean, Petronorrek hidrogenoa sortzeko asmo handiko proiektua eta erregai sintetikoak ekoizteko lantegia abiarazi ditu, neutraltasun teknologikoaren ikuspegitik mugikortasunaren trantsizio energetikoarekiko konpromisoan aurrera egiteko.
Bilboko Adierazpena SUM Bilbao Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarraren barruan sinatu zen, eta horren edizio berri bat aurkeztu dute gaur, urrian Bizkaiko hiriburuan antolatuko dena.
Gaurko ekitaldian izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Emiliano Lopez Atxura Petronorreko presidentea, Gorka Martinez BBKko zuzendari nagusia eta Rafael Sterling Irizarreko CEOa. Horiekin batera, modu telematikoan parte hartu dute Abel Caballero FEMPeko presidenteak, Gorka Urtaran EUDELeko presidenteak eta Francisco Iglesias Alsako CEOak.
Bilboko Adierazpena
Bilboko Adierazpenean, garraio, automobilgintza zein energia arloetako enpresek beren gain hartu zuten diseinu eta ekoizpen-prozesuak pixkanaka-pixkanaka ingurumen-inpaktu txikieneko garraiobide iraunkor, seguru eta eraginkorretarantz bideratzeko konpromisoa. Halaber, tokiko gobernuek mugikortasun-eredu berriak garatzea ahalbidetuko duten arau-esparruak bultzatzeko konpromisoa hartu zuten, ingurumen-iraunkortasuna eta gizarte-ongizatea bermatzeko eta mugikortasun iraunkorrean oinarritutako garapen sozioekonomikoa sustatzeko. Laburbilduz, trantsizio energetikoaren prozesua bultzatuko duen ibilbide-orria.
Bilboko Adierazpena SUM Bilbao mugikortasunaren nazioarteko lehen biltzarraren barruan sinatu zuten Bilboko Udalak, Petronorrek, FEMPek, EUDELek, Estrasburgoko Udalak, Mercedes-Benzek, BBKk, Ibilek, Alsak, Kapschek, Irizarrek, FCCk, Sacyrrek, Beazek, Red Eléctrica de Españak, AMETICek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EVE).
FEMP Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioaren esanetan, bizimodu osasungarriaren eta modernitatearen eskariak mugikortasun iraunkorra ulertzeko modu berriak ditu helburu, eta hirietan mugikortasun garbia diseinatzen hasiak dira, teknologia berrien nahiz hiri barruko joan-etorriak egiteko modu berrien bitartez, etorkizunean abiaraziko diren “Klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren” legeari eta “Mugikortasun iraunkorraren eta garraioaren finantzaketaren” legeari begira.
Bestetik, EUDEL Itun Berde handi bat bultzatzen ari da, “Euskadiko Udalen Green Deal” delakoa, gizarte berdinzaleagoa, inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen lagunduko dien eraldaketa iraunkorraren protagonista izan daitezen. Euskadiko udalak planetaren erronka nagusiekin konprometituta daude: klima-aldaketa eta trantsizio energetikoa, garraio publiko modernoa eta pertsonei lehentasuna emango dien hiri-mugikortasuna.
BBKk hainbat aurrerapen bideratu ditu bi urte hauetan, garapen iraunkorrarekin uztatutako lurralde-eredua bultzatzeko; Bizkaian bultzada berritzaile berriak eskainitzen dituzten startup-ak sortzen lagundu du, eta energia berriztagarrien sorkuntza garatu nahiz trantsizio ekologikoa sustatzeko proiektuak finantzatu ditu, besteak beste.
ALSAk aurrera jarraitu du zuzeneko isurketak murrizteko konpromisoarekin, izan ere, azken bost urteetan, % 11 gutxitu ditu. Gainera, eko ibilgailuak hedatzearen aldeko apustuarekin jarraitu du; honexen adibidea dugu autobus autonomoa, egiazko trafikoari irekitako ibilbide batean Espainian martxan jarri den lehena.
Irizarren iritziz, mugikortasun iraunkorra funtsezko faktorea da trantsizio energetikoa butzatzeko, eta horren harira, mugikortasunaren etorkizuna taxutzen jarraituko du, garraio kolektibo iraunkor, eraginkor, adimenndun, irisgarri, seguru eta konektatua bermatzeko ‘giltza eskura’ soluzio eta zerbitzuak diseinatuz eta ekoitziz.
SUM Bilbao 2021 Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarra
Bilboko Udalak eta Petronorrek gaur iragarri dutenez, urriaren 6an eta 7an antolatuko da Bizkaiko hiriburuan Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarraren edizio berri bat, SUM Bilbao 2021. Biltzar honetan mugikortasunarekin zerikusia duten gaur egungo gairik garrantzitsuenak jorratuko dira, mugikortasun iraunkorraren arloko eragile nabarmenen partaidetzari esker.
SUM Bilbaoren edizio berriak ondorengo arlo tematikoak izango ditu ardatz: batetik, trantsizio energetikoa, hidrogenoari lotutako aukerak, energia garbiak eta energiaren deskarbonizazioa. Bigarren ardatz tematikoa gobernantza eta finantzaketari buruzkoa izango da, hau da, klima-aldaketa arintzeko arau-esparruak eta aliantza publiko-pribatuak. Eta hirugarren ardatz tematikoan mugikortasuna, digitalizazioa eta berrikuntza izango dira aztergai. Izan ere, mugikortasun berria konektatua, irisgarria, planifikatua eta garraio publikoaren bidezkoa izatearen aldeko ikuspegitik aztertuko da.