-Egitasmoak gainera Petronorretik jaurtitze punturainoko uraren hoditeria modernizatzea aurreikusten du.
-Testuinguru honetan Ur Partzuergoak, poliduktoaren pare, Muskizko HUAn (Hondakin Uren Araztegia) tratatutako hondakin uren saneamenduaren hoditeria berria eraikiko du.
-Egitasmoak, 2024ko apirilerako amaituko denak, 7.322.000 euroko aurrekontua dauka, eta horietako %80 Petronorren gain doa eta gainerako %20 Ur Partzuergoaren gain.
Petronorrek eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Petronor Hub eta Bilboko Portuaren arteko poliduktoa eta, aldi berean, Muskizko HUAren (Hondakin Uren Araztegia) itsasora isurtzeko hodia egikaritzeko.
Izan ere, Petronorrek iragarritako Deskarbonizazio Hub-ak, Bilboko Portuan biogasa ekoizteko planta eta erregai sintetikoa fabrikatzeko helburuz H2 sortzeko planta eraikitzea aurreikusten duenak, findegiarekiko konexioak behar ditu hainbat hodiren bitartez, eta bere trazadurak egungo poliduktoarena jarraitu behar du. Hub-a sortzeko prozesuaren abiapuntua izango dira lanok.
Halaber, Petronorrek aurreikusita dauka itsasora isurtzeko hodiaren mantentze–lanak egitea findegitik gaur egun Ingurumen Baimen Integratuan identifikatutako isurtze puntura arte. Lerro hori beste berri batek ordeztuko du operagarritasuna eta fidagarritasuna bermatzeko.
Ur Partzuergoari dagokionez, osatzen duten udalerrien eremuan ematen du Saneamendu zerbitzua Lehen Mailako Sarean eta beste batzuren artean Muskizko Saneamendu Sistema kudeatzen du, egun Abanto Zierbena, Zierbena eta Muskizko udalerrietako 12.000 biztanleri zerbitzua ematen diena. Muskizko HUAn, hondakin-urei sasoi lehorrean eta mistoa euria ari duenean tratamendu egokia eman eta gero, ondorengo efluentea Barbadun itsasadarrera jaurtitzen da.
Muskizko HUAn tratatutako ura jaurtitzeko puntua La Arenako hondartzako ibaiaren bokaletik gorako uretan dago. Ingurumenaren gaineko bermea hobetzeko eta BBUPk kudeaturiko saneamendu sistema indartsuago eta eraginkorrago egiteko Entitate honek isuria itsasoan egiteko lurreko hustubidea eratzeko egon daitezkeen aukerak aztertu ditu.
Efluentea Portu inguruetara eramateko aukera espazio fisiko txikiak zein Portura doan errepidearen eta Petronorren jabegopeko poliduktoak eragindako interferentziek baldintzatzen dute. Hala, aukerarik bideragarriena existitzen den poliduktoaren trazadurarekiko paraleloan hodi berri bat egitea da, inguruan sorraraziko den eragina murrizteko.
Beraz, BBUPk eta Petronorrek interesa agertu dute findegiaren eta Bilboko Portuaren artean poliduktoaren zortasun eremuan hodi berriak jartzeko, eta espazio aldetik dauden mugak ikusita modu bateratuan eta koordinatuan ekingo diete ekinbideei hodi berrien instalazioa bateragarria izateko.
Horri begira proiektu komun bat landu behar da, aurreikusitako hodi guztiak barne hartuko dituena, aldi berean instalatzeko, obra kontratu berberean. Poliduktoa egiteko hasierako kostua 7.322.000 eurokoa da, eta horietako %80 Petronorrek hartuko du bere gain eta gainerako %20 BBUPak. 2024ko apirilean amaituta egotea espero da.