-Masterra teknologia berri hauek trantsizio energetikoa bultzatzeko duten potentzialaz interesatutako profesionalei zuzenduta dago.
-Gobernuak iragarri duenez, 2023ra arte 1.500 milioi euro baino gehiago inbertitzeko asmoa du hidrogenoaren sorkuntza eta erabilera sustatzeko, eta 2030ean inbertsioa 8.900 milioira igotzea aurreikusi du.
Repsol-Petronor Taldeak prestakuntza arloko apustu hau sustatu du Mondragon Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Universitat Politècnica de Catalunyak, Universitat Rovira i Virgilik eta Zaragozako Unibertsitateak, Muskizko Somorrostro Lanbide Heziketako Zentro Integratuarekin eta beste bost prestakuntza eta ikerketa zentroren bultzadarekin (Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioa, kasu) diseinatu eta babestu dutena. Hamabi erakundeek indarrak bildu dituzte Hidrogenoaren Teknologiei buruzko unibertsitatearteko masterra 2021eko urriaren 15ean abian jarri ahal izateko. Master multilokalizatua izanik, lau kokaleku izango ditu, Bilbon, Bartzelonan, Tarragonan eta Zaragozan, baina gehienbat modalitate birtual sinkronoan emango da.
Hidrogenoaren teknologien inguruko Europako estrategiei jarraiki, aurrekaririk ez duen lankidetza hau sortu da, industria, unibertsitate zein lanbide-heziketako erreferentziako erakundeak elkartuz, industrian hidrogenoaren teknologien garapena bizkortzeko asmoz, izan ere, unibertsitatean trebatutako ingeniaritza-profilen eta lanbide-heziketatik datozenen arteko oreka beharko du.
Hidrogenoaren Teknologiei buruzko unibertsitatearteko masterraren bidez, ezaguera berritzaile eta abangoardistak eskaini nahi dira hidrogenoaren ekonomiari buruz eta honi lotutako teknologiei buruz.
Hidrogenoa da erregai fosilekiko mendekotasuna zein berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko potentzial handiena duten bektore energetikoetako bat. Trantsizio energetikoaren testuinguruan, erakundeek teknologia hauen aldeko apustu argia egin dute. Hydrogen Council erakundearen txosten baten arabera, hidrogeno berdea energia-iturri garbitzat garatzea xede duten proiektuek 250.000 milioi eurotik gorako inbertsioa bilduko dute mundu osoan 2030era arte. Susperraldia bultzatzeko Next Generation europar funtsek ere energia-bektore honen aldeko apustu garbia egin dute, 2050ean Europako sektore ekonomiko guztiak erabateko deskarbonizatzeko estrategia aurrera atera ahal izateko.
Master hau, Euskadi ekonomia produktibo berdearen hub handia eta energia-eredu berri baten buru bihurtzea xede duen Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C) deritzon enpresa eta erakundeen arteko proiektu handiaren ezagutza-gelaren ekimen eragiletik sortua da. Repsol-Petronorren eskutik eta 78tik gora erakunderen partaidetzaz (enpresak eta ezagutza-zentroak barne), proiektu honen bidez, urtean 20.000 tona hidrogeno ekoitzi eta 1,5 milioi tona CO₂ gutxiago isurtzea aurreikusi da. Inbertsioa 1.300 milioi eurokoa izango da 2026ra arte, eta horren laguntzaz, zuzeneko 1.340 lanpostu eta zeharkako beste 6.700 sortzea espero da.
Masterrean, unibertsitateetako adituek eta hamabi erakunde bultzatzaileetako teknologia eta ikerketa zentroetako kideek parte hartuko dute, baita jardunean diharduten industria arloko profesional ezagunek ere. Alderdi praktikoa da prestakuntza-apustu honen ardatz nagusietako bat, eta horren harira, masterrean parte hartzen dutenek praktikak egingo dituzte simulazio-paketeen eta enpresetarako bisita teknikoen bitartez, baita laborategiko praktika presentzialak ere, aztertutako kontzeptu eta tresnen saiakuntza egiteko. Prestakuntzaren amaieran, benetako erronka bati aplikatutako master amaierako lana egingo dute, lehentasunezko helburu batekin: enpresek hidrogenoaren teknologien arloan ingurune errealetan aurrera egiten laguntzea.
Repsol-Petronorrek teknologia eta energia arloetan duen esperientziarekin eta bost unibertsitate bultzatzaileen laguntzarekin batera, masterrak beste sei erakunde hauek ere izango ditu bidelagun: Somorrostro Lanbide Heziketako Zentro Integratua, Comte de Rius Lanbide Heziketako Zentroa, Bartzelonako Institut Escola del Treball Lanbide Heziketako Zentroa, Piramide Lanbide Heziketako Zentro Publiko Integratua, Industria Antolaketako Eskola (Industria eta ETE Idazkaritza Nagusiaren bidez Industria Ministerioari atxikitako fundazio publikoa) eta Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioa.
Hamabi erakundeek Hidrogenoaren Teknologiei buruzko unibertsitatearteko masterra martxan jartzeko ahalegina egin dute, eta 2021eko urriaren 15ean hasiko da.