IndesIA deritzon proiektu trakziogilearen helburua da Espainia erreferentetzat posizionatzea industriako datuen eta adimen artifizialaren erabileran, eta herrialdean hazkunde ekonomikoa eragingo duen ekonomia berri baten garapena bultzatzea.
Partzuergo berriak esparru honetako erreferentziazko erakundeen babesa eta esperientzia ditu, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) tarteko, eta enplegagarritasuna dinamizatzeko ere lan egingo du STEM diziplinetan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika, ingelesezko siglen arabera) dagoen prestakuntza arloko etena murriztuz, kualifikazio handiko lanpostu berriak sortuz eta Espainian talentu teknologikoaren erakarpena eta atzipena erraztuz.
Partzuergoarekin bat egiteko bidean dauden 100dik gora enpresa txiki eta ertainentzat, teknologia hau balio-kate osoan integratzeak digitalizazio-prozesuak azkartu eta produktibitatea eta iraunkortasuna hobetzeko aukera ekarriko die, bereziki kontuan harturik industria sektorearen lehiakortasun handia.
Dagoeneko adimen artifizialean eta datuen analitikan oinarritutako 60 kasu baino gehiago identifikatu dira, eta balio-kateei trakzioa eragiten lagunduko dute bost industria arlo nagusitan eta hauei dagozkien enpresa-sareetan: energia, automobilgintza, ontzigintza, telekomunikazioak eta ingeniaritza. Horri esker, industria arloko ia edozein prozesu hobetu ahal izango da, datuen eta adimen artifizialaren erabileratik abiatuta.
Proiektu trakziogileak industria arloko datuen plataforma interoperagarri handi baten sorrera bultzatuko du, eta honek adimen artifizialeko eta datuen analitikako soluzioen garapena eta kontsumoa erraztuko ditu. Plataformari esker, datuen erabilera bizkortu eta industriarako software eta hardwarearen hornitzaile nagusiekiko konektoreen garapena sustatuko da, enpresen jarduerari dagokien denbora errealeko datuen atzipena bermatuz. Horrela, adimen artifizialeko soluzioen garapenean zeharka erabili ahal izango diren datu agregatu eta fidagarrien data lake irekiak sortuko dira. Plataformak datu-ereduen eta geruza semantiko estandarizatuen diseinua eta elaborazioa sustatuko ditu, sektoreko enpresen datuen interoperagarritasuna errazteko. Datu industrialaren zein pertsonalaren segurtasuna eta pribatutasuna diseinuaren arloko oinarrizko printzipioa izango da partzuergoak garatu eta sustatutako teknologietan, plataformetan eta erabilera-kasuetan.