Egoera honetan, prezioek orain arte ezagutu gabeko mugimenduak jasan zituzten, hala nola iazko maiatzeko gordinen geroaldiko balore negatiboak. Aldakortasuna oso handia izan zen, urtea Brent-aren upela 70 dolar inguruan zegoela hasi, apirilean 20 dolar baino gutxiagoraino jaitsi eta gainerakoan hobetze aldera eginda 50 dolarretik gertu amaitzeraino. Upelaren batez besteko prezioa 2019an baino 22 dolar baxuagoa izan zen, eta Petronorrek horren ondoriozko ondare-efektu negatiboa pairatu du.
Petrolio-produktuen eskaera ere oso behetik ibili zen urte guztian zehar mugikortasunari ezarritako murrizketen ondorioz: adibidez, kontsumoaren beherakada %23koa izan zen Espainiako hornitegietan aurreko urtearekin alderatuta. Horri gehitu behar zaio kanpoko merkatuetan produktuen biltegiratzeak gehienezko maila historikoak izan zituela, eta beraz bai eskaera nazionala zein esportaziokoa ohiko mailetatik askoz beherago egon zirela. Eskaera baxuak eta biltegiratze maila handiek fintzearen marjina oso txikiak ekarri zituzten: Petronorren marjina 2020an 3,24 dolarrekoa izan zen upeleko, 2019ko 5,50en aurrean.
Eskaera eta marjina maila hauen aurrean, gordineko bi unitateetako bat 2020ko ia azken zortzi hilabeteetan geldituta egon zen, urtearen azkenean aurrekoan baino 9,5 milioi upel prozesatuta, hasieran aurreikusitakoak baino 16,6 milioi gutxiago. Azkenean, emaitza operatibo korrientea -309,3 milioi eurokoa izan zen urtean. Zerga osteko orotako emaitza -140,1 milioi eurokoa izan zen ekitaldian, aurreko urtean baino 283 milioi gutxiagokoa.
Destilazioa Petronorren 58,3 milioi upelera arte jaitsi zen, bere destilazio-ahalmenaren %74,5. Salmentak 9 milioi tonakoak izan ziren, aurreko urtean baino %13 gutxiago. Merkatu nazionaleko salmenta jaitsiera milioi bat tonatik gorakoa izan zen.
Edozelan ere, zailtasunak zailtasun, Petronorrek etorkizunaren aldeko apustuarekin jarraitu du trantsizio energetikoaren eta deskarbonizazioaren alde, 50 milioi eurora arteko inbertsioekin: 2050erako zero isuri garbien konpromisoari koiunturazko edozein egoeraren gainetik eusten zaio, eta emaitza txarreko urte batean etorkizuneko inbertsioak onartu dira.
Norabide horretan, ekainean Deskarbonizazio Hub-a abiatu zen, datozen urteetan Bilboko Portuan gauzatuko dena. Hidrogenoaren Euskal Korridoreak ere bere lehen urratsak eman ditu, helburutzat hidrogenoaren ekosistema sortzea duena, etorkizuneko erregai berdea. Gainera, 2020ko martxoan Energía Distribuida del Norte SA (Edinor) sortu zen, eta bere helburu soziala sorkuntza eta baliabide banatuen garapena eta sustapena, energia iraunkorraren komertzializazioa eta horiekin loturako zerbitzuak ematea da.
Lorpen positiboetan segurtasun mailako ekinaldi bikaina dago nahiz eta pandemia izan, 2020an bertako pertsonalaren zein kontratisten artean istripu gabeko egun gehieneko markak hobetuta.