Lotea 5.300 tona erregaikoa da eta produktuaren kalitate baldintza zorrotzak betetzen ditu eta baita ekoizpen, logistika eta komertzializaziorako katearen iraunkortasunerako betekizunak ere. Bere erabilerak atmosferara 300 tona CO2 isurtzea eragotziko du, Madril-Bilbo 40 hegaldi adina.
Repsolen hirugarren biojet ekoizpena da honakoa Puertollano eta Tarragonako findegietan beste bi lote fabrikatu ostean, 2020ko erdialdean eta 2021eko hasieran hurrenez hurren, horietan lehengai gisa biomasa baliatuta.
Petronorren ekoiztutako lotean, aldiz, hondakinak erabili dira lehengai modura, modu honetan prozesuan ekonomia zirkularreko tresnak hartuta. Hala, hondakinen kudeaketa hobetzen da, karbono hatz txikiko erregaien gisako balio erantsi handiko produktu bilakatuta.
Hegazkintza sektoreak tinko jarraitzen du aurrera egiten deskarbonizaziorako bidean bioerregaien erabileraren bitartez. Nazioarteko Aire-Garraioko Elkarteak (IATA ingelesezko siglen arabera) 2020tik karbono isurien zero hazkundea ezarri du, eta horretarako zenbait ekimen lantzen ari da, eta horien artean aipatzekoa da, CO2-a murrizteko bere ekarpen handiagatik, erregai iraunkor ezberdinen erabilera, bioerregaiena eta hondakinetatik abiatuta ekoiztutako bioerregai aurreratuena esaterako.
Espainian, Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuak aintzat hartzen du bioerregaiak teknologia iraunkor eskuragarri zabalduena eta erabiliena direla garraioan, bereziki ibilgailu astunen eta hegazkintzaren moduko sektoreetan, gaur egun horietan elektrifikazioak arazoak baititu. Bestalde, Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak, aurreko maiatzean onartutakoak, artikulu bat dauka garraiorako erregai alternatibo iraunkorrei buruzkoa, bioerregai aurreratuak eta jatorri ez biologikoko beste batzuk bereziki aipatuta. Erakunde komunitarioek ere neurri ezberdinak ezarri dituzte sektore aeronautikoan biojet-aren erabilera bultzatzeko.
Repsolek erregai mota hauei emandako bultzada efizientzia energetikoan, isuri gutxiko elektrizitatearen sorreran, hidrogeno berriztagarrian, ekonomia zirkularrean, erregai sintetikoetan, CO2-a atzitu, erabili eta biltegiratzean dituen egitasmoei gehitzen zaie eta konpainiaren ardatz estrategiko nagusietakoa da 2050ean zero isuri netoko konpainia izateko helburua lortzeko.