Petronorrek 2,5 MWeko elektrolizagailua instalatu du, Hidrogenoaren Euskal Korridorerako lehen pausoa emanez

Eskuinean, elektrolizagailua kokatu den lekua.
-Hauxe da hidrogeno berriztagarria ekoitzi eta Hidrogenoaren Euskal Korridorea hornituko duen lehenengo proiektua.

-Hidrogenoa Petronorren ekoitziko da 2,5 MWeko elektrolizagailu baten bitartez, eta honek hidrogeno berriztagarria banatuko die Abanto-Zierbenako Ezkerralde-Meatzaldeko Teknologia Parkean kokatutako Energy Intelligence Centerri eta Petronorren egoitzari.

-Gainera, hidrogeno berriztagarri hau parkeko mugikortasun-plataforma logistikoko lehen autobus eta ibilgailu arinetan ere erabiliko da, eta parkean Euskadiko lehen hidrogetegia instalatuko da, EVEk eta Repsolek bultzatuta.

-Findegitik Ezkerralde-Meatzaldeko Teknologia Parkerainoko gasbideak Nortegasek eraikiko ditu.

-Elektrolizagailu hau martxan jartzeko, hidrogeno berriztagarrirako behar den azpiegitura barne, 8,9 milioi euroko inbertsioa egingo da.

-SENERrek eta John Cockerilek fabrikatutako 2,5 MWeko elektrolizagailu hau Euskadin hidrogeno berriztagarria garatzen hasteko lehen urratsa da.

-Petronorrek, EVEk eta Enagásek 10 MWeko elektrolizagailua jarriko dute martxan 2024an, Bilboko portuan kokatuko den erregai sintetikoen ekoizpen-lantegia hornitzeko.

-2025ean, 100 MWeko elektrolizagailua abiaraziko da Petronorren deskarbonizazio-prozesuari heldu eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen beharrak estaltzeko.

-Hidrogenoaren Euskal Korridorearen proiektuari 2021-2026 epealdirako 1.431 milioi euroko inbertsio konprometitua duten 80 entitate atxiki zaizkio, zuzeneko 1.340 lanpostu tarteko.

 

Petronorrek 2,5 MWeko elektrolizagailua izango du 2022ko bigarren seihilekoan, eta horri esker, Euskadiko lehen hidrogeno berriztagarria sortu ahal izango du. Hauxe da lehen urratsa hidrogeno berriztagarriaren industria garatzeko eta energia-iturri deskarbonizatutzat zabaltzen lagunduko duten beharrezko azpiegiturak sortzeko, eta lehen mugarria izan da Petronorrek eta Senerrek aurtengo martxoan iragarritako fabrika abian jartzeko proiektuaren barruan.

Hidrogeno berriztagarria CO2 isurpenik eragiten ez duten iturrietatik jasotako energia da. Uraren elektrolisiaren bidez ekoizten da nagusiki, hau da, ur molekularen hidrogenoa eta oxigenoa bereiziz, jatorri berriztagarriko energia elektrikoaren aplikazioaren bitartez.

SENERrek eta John Cockerilek fabrikatutako lehen elektrolizagailu hau Abanto-Zierbenan kokatutako Ezkerralde-Meatzaldeko Teknologia Parkea amaitzen denean jarriko da martxan, eta bertan ekoitzitako lehen hidrogeno berriztagarria parkean bertan kokatuta dauden Energy Intelligence Center eta Petronorren egoitza hornitzeko erabiliko da.

Gainera, hidrogeno berriztagarri hau parkeko mugikortasun-plataforma logistikoko lehen autobus eta ibilgailu arinetan ere erabiliko da, eta parkean Euskadiko lehen hidrogetegia (hidrogeno-hornitegia) instalatuko da. Den-dena, EVEk eta Repsolek bultzatuta.

Horren harira nabarmendu behar da Repsolek hornituko diola elektrolizagailuari hidrogeno berriztagarria sortzeko erabiliko duen energia berdea. Azkenik, Nortegasek garatuko ditu hidrogenoa Petronorretik Ezkerralde-Meatzaldeko Teknologia Parkera eramateko behar diren gasbide eta azpiegitura guztiak, baita banaketa ere.

Elektrolizagailu hau martxan jartzeko, hidrogeno berriztagarria ekoitzi eta banatzeko beharrezko azpiegiturak barne, 8,9 milioi euroko inbertsioa egingo da.

Proiektu hau eredu energetiko eta ekonomikoa aldatzen eta energia, mugikortasuna, industria eta zerbitzuak bezalako sektore estrategikoen deskarbonizazioan aurrera egiten laguntzea xede duen Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) barruan gauzatu da.

10 eta 100 MWeko elektrolizagailuak

SENERrek eta John Cockerillek fabrikatutako 2,5 MWeko elektrolizagailu hau gauzatu beharreko garapenaren lehen pausoa da.

2024an tamaina handiagoko beste bat jarriko da martxan Bilboko portuan, 10 MWekoa. Hidrogeno berriztagarriaren ekoizpena Petronorrek eta Repsolek Saudi Aramco, EVE eta Enagasekin batera Bilboko portuan abiaraziko duten erregai sintetikoen ekoizpen-lantegira bideratuko da.

2025ean, hirugarren elektrolizatzailea jarriko da martxan, kasu honetan 100 MWekoa, Petronorren deskarbonizazio-prozesuari heldu eta Hidrogenoaren Euskal korridorearen beharrak asetzeko.

Hidrogenoaren Euskal Korridorea

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen jatorritzat jo behar da Repsolek Euskadin trantsizio energetikoan aurrera egiten lagun dezaketen proiektuetan inbertitzearen alde hartutako erabaki estrategikoa, 2050ean zero isurpen garbi duen konpainia bihurtzeko asmoz. Gainera, Petronorrek Euskadi hidrogenoaren hub bihurtzearen aldeko apustua egin du.

2,5 MWeko elektrolizagailuari esker, lehenengo pausoa eman da Ezkerrralde-Meatzaldeko Teknologia Parkea hidrogenoaren “living lab” bihur dadin, bertan instalatutako enpresei garapenak testatzeko aukera emanez eta teknologia energetiko berri honetan trebatzen ari diren pertsonei prestakuntza akademikoa modu praktikoan osatzeko modua eskainiz.

Ekintza horiek guztiek gure gizartea ekonomia produktibo berde baterantz bultzatzen lagunduko dute, zalantza-izpirik gabe.

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen partzuergoa 80 entitatek osatzen dute: 11 erakunde, 13 ezagutza-zentro eta enpresa-elkarte, eta 56 enpresa. Proiektuaren oinarrian dagoen estrategia integralak balio-kate osoari dagozkion 40 proiektu bildu ditu, produkzio-sarea eraldatzen eta industriak gure ekonomian duen pisuari eusten laguntzeko asmoz. Horien artean, nabarmentzekoak dira hidrogenoaren ekonomiaren “bihotzarekin” zerikusia duten proiektuak, hala nola, elektrolizagailuak ekoizteko lantegi baten instalazioa, erregai-pilaren eta hidrogetegiaren garapena, eta mugikortasunaren arloko aplikazioak, hidrogeno bidezko autobusa eta trena kasu.