Aurkezpenean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburu izan da buru, eta bertan parte hartu dute José Ignacio Zudaire Petronorren Giza zein Antolaketa, Erakunde Harremanen eta Ekonomia zein Finantza Sailaren zuzendariak, Iberdrola eta EAEko 16 klusterren ordezkariek, baita trantsizio energetikoan, garapen teknologikoan eta industrialean eskumena duten Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Taldearen zuzendariek ere, Ana Camachok eta Cristina Oyonek.
Super Klusterra industria-sektoreko emisioen murrizketa bizkortzeko ekimena da, baina, horrez gain, Euskadi industriaren deskarbonizazioan aitzindari bihurtu nahi du, eta, aldi berean, garapen ekonomikoa sustatzen du teknologiaren eta sektore desberdinen deskarbonizazioari aplikatutako berrikuntzaren bidez.
Horrela, Euskadik World Economic Forum (WEF) garatzen ari den programarekin bat egiten du, industria-klusterrak zero isuri garbietarantz igarotzeko.
“Basque Net Zero Industrial Super Cluster” abian jartzeko prozesua hainbat fasetan gauzatuko da pixkanaka, eta fase horietan industria eta eragile ezberdinak proiektuaren ekimen eta garapenean bat egiten joango dira.
Lehenengo fasean, azaroaren 3an Glasgown (Eskozian) abian jarriko den fasean, euskal industriaren isurketa guztien % 65 baino gehiago isurtzen duten bost industria-prozesutan fokoa jarriko da: Finketa, Siderurgia, Galdaketa, Zementua eta Pasta eta Papera.
Honela, ekimen honek World Economic Forumak definitutako lau garapen-arloetan proiektuak eta ekimenak egitea bultzatuko du: Energia Eraginkortasuna, Elektrifikazio Berriztagarria, Hidrogenoa eta CO2-aren atzipena. Arlo horietan, eta bereziki hasierako abiarazte-fasean, Repsol-Petronorrek eta Iberdrolak, lehenetsitako industria-sektoreetako kluster-elkarteekin koordinatuta, emisio baxuko energia-iturrien integrazioan fokua duten ekimen eta proiektuen garapena gidatuko dute, horretarako inbertsioak eta baliabideak bultzatuz.