Antonio Brufau Repsoleko presidentea, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektorea eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua izan dira gela berriaren aurkezpen-ekitaldian, eta ondorengo jardunaldian, sektore publiko eta pribatuko adituek hondakinen erabileraz eta industria-kateari zuzendutako balio handiko bigarren mailako material bihurtzeko aukeraz eztabaidatu dute.
Rikardo Mínguez UPV/EHUko Adierazpen Grafikoaren eta Ingeniaritza Proiektuen Saileko zuzendaria buru duen gela berria Bilboko Ingeniaritza Eskolan kokatuta dago, eta produkzio-zikloetan birsortze-ereduak hedatzea du helburu, Ekonomia Zirkularraren eta industriaren deskarbonizazio eta desmaterializazioaren arteko loturak ezartzeaz gain. Horretarako, Gelak zorroztasun akademiko osoz emango dizkie ezagutzera publiko desberdinei (unibertsitate-komunitatea, enpresak, erakundeak, administrazio publikoak, eta herritarrak, oro har) Ekonomia Zirkularrarekin lotutako hainbat lan-ildo, eta ahalegin berezia egingo du ekodiseinua, prozesuaren eraginkortasuna eta berrikuntza, energia berriztagarria, lehengai alternatiboen erabilera eta kontsumo-eredu berriak sustatzeko.
Repsoleko presidentearen esanetan, “Repsolen ikuspegi bikoitzetik ulertzen dugu zirkulartasuna: hondakinen erabilera eraginkorrerako kanal bezala eta deskarbonizaziorako soluzio gisa”. Zirkulartasunak energia arloko mendekotasuna murrizten ere lagun dezakeela adierazi du: “zirkulartasunaren inguruko proposamena bi plataforma-tipologiaren bidez egituratu dugu. Alde batetik, aztarna txikiko erregaiak eta gas berriztagarriak, gure industria-guneen inguruan integratutako zortzi proiektu handi eta bi proiektu banaturen bitartez (Red Nacional de Biometano eta Perseo), eta bestetik, polimero zirkularrak, lehendik dauden industria-unitateen inguruan integratutako sei proiekturen bidez”.
Ekonomia Zirkularrak iraultza ekarri dio diseinatu, ekoitzi eta kontsumitzeko egungo moduari. Ereduak hiru printzipio hauek ditu oinarri: hondakinak eta beste kutsadura-iturri batzuk ahalik eta gehien murriztea, produktuak eta materialak ahalik eta luzaroen erabiltzea eta sistema naturalak leheneratzea. Ekonomia Zirkularrak beharrezko tresnak ematen dizkigu trantsizio energetikoari elkarrekin aurre egiteko gauza izan gaitezen, garrantzi handiko erronka sozialei heltzeaz gain.
António Calçada Repsol Fundazioko zuzendari nagusiak eta Guillermo Quindós UPV/EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak zehazt-mehatz deskribatu dute Gela hau eratzeko jorratutako bidea, baita helburu eta proiektu nagusiak ere. Jarraian, txosten magistralean, Alexander Boto IHOBEko (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) zuzendari nagusiak sakon-sakon aztertu ditu Ekonomia Zirkularraren garrantzia eta Euskadik arlo honetan duen aitzindari-posizioa, erakunde publikoak eta enpresak tarteko dituen lankidetza-sare garrantzitsuaren garapenari esker.
Azkenik, “Industriaren balio-kateko materialen berrerabilpena” izenburuko mahai-inguruan, sektore publiko eta pribatuko adituek, Elias Unzueta Petronor Innovacioneko gerentea tarteko, Ekonomia Zirkularraren garrantzia nabarmendu eta hondakinen erabileraz (nekazaritza eta basogintzakoak, plastikoak eta hirikoak) nahiz balio handiko bigarren mailako material bihurtzeko aukeraz eztabaidatu dute. Ildo horretatik, Unzuetak azaldu du konpainia gisa ekonomia deskarbonizatzeko, isuriak murrizteko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko konpromisoa hartu dutela, “gure industria-guneak polo multienergetiko bihurtzen ari gara, karbono aztarna baxua, nulua edo negatiboa duten produktuak egiteko gai direnak”, eta Petronor-Repsolek ekonomia zirkularraren arloan abian dituen proiektuak aipatu ditu.