Emiliano López Atxurra Petronorreko presidente eta Repsoleko kontseilariak argi eta garbi salatu zuen bere hitzaldian egun nagusi den populismoa, bide errazenetik jotzera eramaten gaituen neurrian, bide hori zuzena ez dela jakin arren: “trantsizio energetikoak zerikusi handiagoa du teknologiarekin ideologiarekin baino”. Gogora ekarri zuen trantsizio energetikoa ez dela esprinta, iraupen-lasterketa baizik, “deskarbonizazioa ez dela elektrifikazioaren sinonimoa”, eta “Europaren etorkizunak oinarritzat hartu behar dituela neutraltasun teknologikoaren defentsa eta ETEen eta balio-katearen ekosistema tekno-industriala indartzearen aldeko apustua”.
Horren harira, Emilio Titos Gasteizko Mercedes Benzeko zuzendari nagusiaren hitzetan, “Europa lidergo teknologikoa galtzen ari da konbustioko motorraren arloan, eta honek beste eremu geografiko batzuekiko mendekotasun handiagoa izatera bultzatzen du, gainbehera eta txirotzea ekarriz”. Hortaz, beharrezkotzat jo zuen gogoratzea “aldaketa ez dela doakoa izango, eta kontsumitzaileari horren berri eman behar zaiola”.
Bestalde, Alberto Granados Microsoft-Espainiako CEO eta presidenteak garrantzizko faktoretzat jo zituen energia, Europan dagoen lehengaien gabezia eta Asia ekialdeko herrialdeek erdieroaleen fabrikazioan duten nagusitasuna, baina askoz erabakigarriagotzat jo zuen talentua, prestakuntza eta hezkuntza handiago eta egokiagoko planak indartzeko premia nabarmenduz.
Azkenik, etorkizunaren ezaugarri bihurtu diren egungo ziurgabetasun handien aurrean, Andrés Arizkorreta CAFeko presidenteak gogorarazi zuen, iraganera begiratuz gero, oso-osorik egiazta daitekeela “ni lanean hasi nintzenetik lau hamarkada daramatzagula etorkizunari aurre egiten, ziurgabetasunez ziurgabetasun”.
Lau hizlariek bat egin zuten, etorkizuneko erronkei aurre egiteko ukiezinak ukigarriak baino garrantzitsuagoak direla esatean, eta ezinbestekotzat jo zuten belaunaldi berrien gaikuntza teknologikoa, baita tokiko zein kanpoko talentua erakartzeko aski lehiakorrak izatea ere.