TEK Azitain, Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta enpresek sustatua, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eibarko Udalaren laguntza izan du. Edinorrek diseinatutako ereduaren arabera eratu da TEK Azitain komunitatea. Edirnor Petronorren %100 filiala da, eta energia-komunitateen garapenean espezializatuta dago. Proiektuak, hasierako bideragarritasun-azterketa egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren laguntza ekonomikoa izan du, baita Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duen Next Generation Autokontsumorako Programaren laguntzena ere.
1.086 m2ko azalera osoarekin, instalazioak 156 kW sortuko ditu eta urteko faktura elektrikoan asko aurreztea ahalbidetuko du. Izan ere, eguzki-plakek sortzen duten energia enpresa bazkideen guztizko kontsumoaren %25 da gutxi gorabehera. Fakturatik deskontatuko zaie zuzenean eta ez dute ordainduko ez bidesaririk ez kargurik.
Proiektua gaur aurkeztu da eta ekitaldian egon dira: Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia; José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Diputatua; Jon Iraola Eibarko alkatea; Juan Angel Balbás, Debegesako Zuzendari Nagusia; Edinor enpresako kontseilari delegatua, Juan Diego; TEK Azitain proiektuko zortzi enpresak; eta Mari Carmen Lazkano, Deba Bailarako Industrialdeko kudeatzailea.
Juan Diegok adierazi duenez, “enpresa-komunitate energetikoak garatzea, lurraldeko jarduera ekonomikoa eta industriala deskarbonizatzeko bidea izateaz gain, enpresen energia-lehiakortasuna hobetzeko tresna egokia ere bada”.
Edinorrek diseinatutako Tokiko Energia Komunitateen eredua, gaur egun, Euskadiko 32 udalerritan eta Nafarroako 28 udalerritan zabaltzen da, eta dagoeneko 1.000 bazkide baino gehiago dituzte, 0 kilometroko energia sortzearen aldeko apustua egiten dutenak, horrela gizartearen deskarbonizazioan lagunduz.