Proiektuaren helburu nagusia ezagutza-oinarri bat sortzea da, hondakin plastiko konplexuen birziklatze termokimikoko prozesu hobetuak garatzeko. Hondakin-korronte hori beste hondakin batzuk tratatzean sortzen da batez ere, hala nola ontzi arinak, erabiltzen ez diren ibilgailuak edo tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzean.
Petronorrek bazkide bezala parte hartzen du partzuergoan, ekonomia zirkularraren aldeko apustuan sakontzeko asmoz. 2023. urtean, korronte plastikoetan haluroak deuseztatzeko prozesuari buruzko ikerketa amaitu da. Ikerketa horretan, erauzketa hainbat disolbatzaile-motarekin egiteko aukera aztertu da, eta guztie artean, likido ionikoak nabarmendu dira. Ondorioz, hainbat haluroren % 85eko deuseztapena lortu da, eta horri esker, frogatuta geratu da garatutako prozesuak lehengai plastikoak egokitzeko duen potentziala. Birplast proiektuko parte-hartzaileek, Petronorrek barne, bigarren bizialdia eman nahi diete. Bestalde, korronte plastiko konplexuak tratatzeko gasifikazio-prozesua garatzen jarraitu da ohantze finkoko eta ohantze fluidizatuko erreaktoreen bitartez, hainbat agente gasifikatzaile, tenperatura desberdinak eta bestelako doikuntza-parametroak erabiliz, erreakzioaren errendimendua maximizatzeko eta industrian aplika daitezkeen lehengaietan (H2, CO eta CH4 kasu) aberatsa den sintesi-gasa lortzeko asmoz.
Hau izan da proiektu honetan lan egin den bigarren urtea eta helburuak aurreikusitako jardueren arabera betetzen ari dira. 2024an ere lanak aurrera jarraituko du, gasifikazio-prozesua optimizatzen eta lortutako sintesi-gasaren kalitatea hobetzen jarraitzeko asmoz. Gainera, beren-beregi erreparatuko zaio aztertutako teknologien eraginkortasunari buruzko ebaluazio tekniko-ekonomikoari, eta Petronorrek lider bezala parte hartuko du zeregin honetan, lortutako korronte plastikoak findegiko ekoizpen-eskeman integra daitezkeen aztertzeko, konpainiak fabrikazio-prozesuan aplika daitezkeen ekimen zirkularretako I+G jardueren alde egin duen apustuan aurrera eginez.
Birplast-en garatzen diren teknologiei esker, karbono-aztarna txikiagoa duten produktuak emango dira, eta hondakin plastikoak balorizatzen lagunduko da ekonomia zirkularreko prozesuen bidez. Izan ere, funtsezko ekarpena da hondakinaren balio-katea azken produktuan integratzeko, eta, aldi berean, egungo ekonomia deskarbonizatzen lagunduko du, Garapen Iraunkorreko Helburuei eta 2030 Agendari lagunduz.
Industria-ikerketako proiektu estrategikoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren HAZITEK 2022 programaren finantzaketa jaso du.