Barbaduneko Platuxak

Barbadunaren estuarioko arrain ugarienetariko bat platuxa da (Platichys flesus), ohitura sedentarioak dituen arrain lau bentonikoa, estuarioko hondo aretsu eta limotsuetan bizi ohi dena, udan gehienbat.




Begietara arte egon ohi da lurperatuta eta janaria bilatzeko, iluntzean, edo arriskuren batetik ihes egiteko bakarrik higitzen da. Orduan, atzean, arezko lorratza uzten du, norantz joan den salatzen duena. Arriskutik urrundu denean, berriro lurperatzen da eta han egoten da geldirik, ingurunearekin mimetizatuta. Ia ezinezkoa da hura hautematea.

Itsas arraina bada ere, estuarioetara hurbiltzen dira eta ibaietan barrena hainbat kilometro egiten dituzte, oro har, mareen menpe egoten dira, ur nahiko gazikaratan.

Europako kostalde eta estuario guztietan dago, Baltikotik Iberiar Penintsulara. . Itsaso Beltzetik eta Mediterraneotik ere bai, han bukatzen diren ibaietan.

Platuxak zizareak, moluskuak, arraintxoak eta krustazeoak jaten ditu, kiskilak edo karramarroak, besteak beste.

Udaberriko estaltzea

Udaberrian ugaltzen da. Orduan, harrak eta emeak itsasora hurbiltzen dira eta han erruten dituzte eta han ernaltzen dituzte. Gainerako arrain lauen bezala, ausaz ugaltzen dira. Sexu bakoitzak bere gametoak askatzen ditu eta zorian uzten ditu, estimuluen koordinazio pixka batek elkartuko dituen zain.

Eme bakoitzak milimetro bateko diametroa duten arrautza mordoa askatzen ditu, azalerara igotzen direnak eta han, koipe-tanta bati esker, flotatzen gelditzen dira, planktonarekin bat eginez arrautza ireki arte. Eme heldu bakoitzak milioi bat arrautza jar ditzakeela uste da.

Larbak, pelagikoak ere direnak eta jaiotzen direnean ia simetrikoak, -hamar egunetan-, 2,5 eta 3 milimetro arteko luze dira eta planktonaren mikroorganismoz elikatzen dira. Estadio horretan, bizkarraldea gorantz eta sabelaldea hondorantz dutela egiten dute igeri, simetria bilaterala duten arrainen bezala. Hasi ahala gertatzen da miraria; begietako bat pixkanaka buruaren beste aldera doa, lagunen bila.

platija2

Egia esan, buru osoa biratzen da larba ondorengo estadioan eta horrek hainbat aldaketa dakartza gorputzean, buru-hezurrean gehienbat, baina baita hegalen kokapenean eta garapenean ere. Hile eta erdi dituenean, bat eta hiru milimetro artean dituztenean, helduen gorputza lortzen dute eta alde baten gainean hasten dira igeri egiten.

Berehala uzten diote hemendik harako bizimodu pelagikoari eta hondorantz doaz eta han gelditzen dira betirako, hondoan.

Arrain lau guztiek izan ohi dute platuxarena bezalako metamorfosia. Bi begiak gorputzaren eskuinaldean gelditzen direnean destrogiroak direla esaten da eta, aurkakoa gertatzen denean, arrain lau lebogiroak. Platuxa salbuespena da, begia bi aldeetako batera eraman dezakeelako, bata zein bestea, baina ikusi denez, bi heren destrogiroak dira eta heren bakarra lebogiroa.

Harrek emeek baino lehenago lortzen dute sexualki heltzea. Hiru urtekin egiten dute hori eta, orduan, 20 eta 35 zentimetro bitartean dituzte. Emeek urte bete beranduago lortzen dute heldutasuna, laurekin.

Ezaugarri morfologikoak

50 zentimetro luze izan ditzake, -nahiz eta 35 zentimetro inguru izan ohi den-, gorputza zimurtua eta obalatua du platuxak, erronbo itxura hartzen duena bere hegal dortsalak eta uzkikoak irekitzen dituenean, erdiko erradioak handiagoak direlako eta isatsetik burutik baino gertuago daudelako.

Gorputz osoa ezkata leunez dago estalita eta alboko lerroan zehar asko dira garatxo zorrotzak; hegal dortsalean eta uzkikoan ere bai.

BITXIKERIAK

platija3

Begien aldeko kolorea berde edo arrea da eta, askotan, puntu argi eta ilunak dituzte. Aurpegi itsua, hau da, hondoaren gainean egoten dena, zuria da.