IRIA 5G

Iria 5G

Proiektua eta helburuak

IRIA proiektua REPSOL SA (REPSOL), PETRÓLEOS DEL NORTE SA (PETRONOR) eta TRADIA TELECOM SA (CELLNEX Taldeko Sozietatea) konpainiek osatutako proiektu nazionala da. Hiru enpresek plan estrategiko bat dute; egitasmo hori lerrokaturik dago eta bat dator industria-ingurunean 5G teknologien bidez teknologiak, soluzio berriak eta operatiboak digitalizatzearekin eta hedatzearekin. Gainera, partzuergoak espezializazio teknologiko handia du bere sektoreetan, bai eta haririk gabeko komunikazioen garapenean ere. Enpresa guztiak erreferenteak dira euren negozioetan, oso egituraturik daude, eta digitalizazioan aurrera egin dute eta horretan dihardute orain ere.

IRIAk Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren (MINECO) dirulaguntza bat du, UNICO SECTORIAL 5G 2023 izeneko programaren bidez, Europar Batasunak Next Generation EU programaren bidez babestutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

Proiektuaren helburu orokorra industria-zentro baten digitalizazioa eta deskarbonizazioa bultzatzea da, 5Gn oinarritutako komunikazio-soluzio bat garatuz; horrek ahalbidetuko du industria-ingurune batean jarduketa eta aplikazio berriak garatzea.

Lortu nahi diren helburuak:

 
  1. Industria-gunean deskarbonizazioa bultzatzea eta energia-aniztasuna sortzeko bidean aurrera egitea.
  2. Digitalizazioan eta pertsonen segurtasunean aurrera egitea.
  3. Komunikazioen gaitasunak, fidagarritasuna eta segurtasuna hobetzea.
  4. Hidrogeno berdea sortzeko instalazioaren garapena sustatzea.
  5. Komunikazio kritikoetarako sareen arteko ibiltaritza automatikoan dagoen arrakalari konponbidea ematea.

Partzuergoko enpresak

REPSOL konpainia multienergetiko globala da, bezeroa ardatz duena jarduera osoaren protagonista gisa, bezeroaren energia-beharrak asetzeko, irtenbide berriak eskainita. REPSOLek deskarbonizazioarekin duen konpromisoan aurrera egiten dihardu, 2050ean zero emisio garbiko helburua lortzeko; gauzak horrela, bere sektorean helburu hori bere gain hartu duen aurreneko konpainia bihurtu da. Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak ezarritako helburuekin bat dator erabat. Industria-konplexuak hub multienergetiko bihurtzen ari da, karbono-aztarna baxua, hutsa edo negatiboa duten produktuak sortzeko; horrela, digitalizazioan eta teknologian oinarritutako negozio-eredu berriak bultzatzen ari da.

REPSOLek konpromiso sendoa du ingurumena babesteko, bere ingurumen-politiken bidez, eta industria-jardueren ondoriozko inpaktuak minimizatzeko. Segurtasun, Osasun eta Ingurumen Politikaren barnean REPSOLek duen xedea honakoa da: ingurunean eta klima-aldaketan duen eragina minimizatzea, betiere biodibertsitatea eta tokiko komunitateak errespetatuz. Helburua da ingurumen-arriskuak murriztea eta kudeatzea, eta baliabide naturalen erabileraren eraginkortasuna sustatzea. Programa horiek urtero berrikusten dira, eta ezarrita dituzten helburuetara egokitzen dira:

  • Atmosferara egiten diren emisioak eta sortzen diren usainak eta zaratotsak minimizatzea.
  • Isurketen karga kutsatzailea murriztea.
  • Sortutako hondakinak minimizatzea, eta behar bezala bereiztea eta kudeatzea.
  • Biodibertsitatea behar bezala kudeatzea.
  • Baliabide naturalen kontsumoa optimizatzea.
  • Berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea eta energia-eraginkortasuna hobetzea.

PETRONORek teknologien erabileraren bidezko deskarbonizazio-estrategiari ere jarraitzen dio; izan ere, digitalizazioa guztiz lerrokatuta dago REPSOLen helburu estrategikoekin, eta horien artean dago 2050ean zero emisio garbi erdiestea.

PETRONORek I+Garen eta trantsizio ekologikoaren abangoardiari eutsi nahi dio, eta, horretarako, trantsizio energetiko bat proposatzen du, prozesu produktiboak, produktu berritzaileak eta negozio alternatiboak birplanteatzea dakarrena, azken batean, gauzak ikusteko eta egiteko modu berriak. Bere jarduera-ildo estrategikoetako bat “Berrikuntza kudeatzea” da. Horrek kultura berri bat, berrikuntza zabal, ireki eta errentagarria ezartzeko eskatzen du, efizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko teknologia aurreratuak aplikatuz eta trantsizio energetiko berriaren aukerak baliatuz. Horri dagokionez, PETRONORek inpaktu handiko jarduera hauek gauzatu ditu:

  • Bioerregaiak: Bilboko Portuan instalatuko den bioerregaien lehen proiektua egingo da. Lehen fasean 29,2 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta hiri-hondakinen fakzio batetik abiatuta gasa ekoiztuko da. Proiektu honen bidez, hondakinen gisako arazo sozial batetik abiatuta, industria-prozesuak deskarbonizatzeko soluzio bat lortzen da.
  • Hidrogenoa: PETRONORek hidrogeno berriztagarria elektrolisi bidez ekoizteko instalazio bat instalatuko du, guztira 112 MWko potentzia lortuko duen hiru fasetan. Horrez gain, hondakinak eta biomasa abiapuntu hartzen dituen hidrogenoaren ekoizpena jorratuko da. Hidrogeno berriztagarria hidrogenoaren ekonomia sendotu eta garatzeko erabiliko da, betiere Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) bidez. Helburu nagusia hidrogeno berriztagarriaren erabilerak sortzea izango da, industria deskarbonizatzeko, erregai sintetiko nahiz bioerregaiak ekoizteko eta mugikortasunari lotutako erabilerak gauzatzeko.
  • Sorkuntza banatu jasangarria: tokiko energia-komunitate ereduaren garapena; haren ezaugarri nagusia da herritarrek beren udalerrian energia jasangarria sortzen laguntzea. Komunitate horiek herritarrek eta saltokiek eskatzen duten energia elektrikoaren % 25 sortzen dute, eta gainerako % 75a jatorri berriztagarriko energiaren baterako erosketarekin osatuko da. Horrela, faktura elektrikoaren aurrezkiez gain, une oro bermatuko da herritarrek kontsumitzen duten energia % 100ean berriztagarria izatea.

CELLNEX, Tradia filialaren bitartez proiektuan parte hartzen duena, haririk gabeko telekomunikazio zerbitzu eta azpiegituren konpainia espainiarra da, Europan presentzia handia duena. Konpainiaren jarduera lau eremu handitan banatzen da: telekomunikazio-azpiegituretarako zerbitzuak; ikus-entzunezko hedapen-sareak; segurtasun- eta larrialdi-sareen zerbitzuak, eta hiri-azpiegituren eta -zerbitzuen kudeaketa adimendunerako soluzioak. Kudeaketa-plataforma berritzaile, eraginkor, neutral eta kalitatezkoa sortzea du helburu, Europan digitalizazioa bultzatzeko.

Hasiera-hasieratik, konpainiak bere gain hartu du ingurumen-inpaktuari modu integralean heltzeko ardura, taldearen eta bere interes-talde guztien jarduera oro kontuan hartuta. Konpromiso horren ondorioz, 2020an aurkeztu zuen lehen aldiz Ingurumenari eta Klima Aldaketari buruzko Txostena. Txosten horren helburua da ingurumen-kudeaketari buruzko informazioa zabaltzea, oro har, eta klima-aldaketari buruzkoa, bereziki, taldearentzat duen garrantzi estrategikoa eta inbertitutako ahaleginak eta baliabideak direla eta. Enpresaren eguneroko kudeaketan jasangarritasuna eta klima-aldaketa integratzeko konpromisoa hartzen du, jarduera eta negozio-arlo bakoitzean erantzukizunaz jardun dadin.

Xede hori bete nahian, Izendapen, Ordainsari eta Jasangarritasun Batzordea du; organo hori arduratzen da Administrazio Kontseiluaren bidez konpainiaren ESG arloko praktika guztiak ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz, helburuak betetzen direla bermatzeko.

Gainera, ingurumen-kudeaketan parte hartzen duen bigarren organo korporatibo gisa, ESGren Batzorde Betearazlea du. Batzorde horren eginkizuna taldeak ESG arloan duen jarduera sustatzea eta orientatzea da, arlo korporatibo eta negozio-unitate guztiak tartean sartuta.

Lortutako emaitzak

IRIA proiektua gauzatzea lortu ondoren espero den emaitzetako bat da industria-zentroak aurrera egitea bere prozesuan, zentro multienergetiko eta deskarbonizatu bihurtzeko, eta erreferentzia eta eredu gisa balio izatea garatutako eta aplikatutako konponbideak imitatu ditzaketen beste industria-zentro batzuetarako, eta, halaber, hidrogeno berdeko planta bat izatea, prozesuetan eraginkortasun handiagoz jarduten has daitekeena, industria-zentroko langileentzat lortutako digitalizazioari, konektibitateari eta gaitasun teknologikoei esker.

Horregatik, IRIA proiektuak jasangarritasunari laguntzen dio, industria-zentroaren deskarbonizazioa sustatuz eta bere prozesuen eraginkortasuna hobetuz; horrek berekin dakar operazioetan denbora eta baliabideak aurreztea. Deskarbonizatzean, karbono-emisioak murriztea lortuko da, ingurumen-inpaktua txikiagoa izan dadin.

Oro har, berrikuntza horiei esker, industria eraginkorragoa eta jasangarriagoa sortu ahal izango da.