Gailupa arrunta, basoko akrobata

Petronor findegi inguruko landetako eta mendietako zuhaitz eta zuhaixken adarretan bizi da txontaren tamaina baina luma ederrak dituen txoritxo baten etxea. Gailupa arrunta da (Pyrrhula pyrrhula).




Arrek kolore gorria dute bularrean eta masailean, burua beltza du eta bizkarraldea gris urdinxka. Emeak, diskretuagoak, bularralde arre arrosa du eta bizkarraldea grisa. Nahiz eta txikia izan, gorpuzkera handia du, moko laburra, sendoa eta lodia.

Gailupa, arboletako animalia izanik, Pirinioetan eta Kantauriko erlaitzean bakarrik bizi da. Bere habitat egokiena hosto ugaridun zuhaitzak, sastraka ugari eta fruta-arbolak dauden basoak dira. Adarren artean arin badabil ere, -akrobazia txikiak ere egiten dituzte-, lurrean askoz ere traketsagoa da, beraz, oso gutxitan jaisten da lurrera. Jaitsiz gero, edateko edo aleak jateko da.

Udaberria iristen denean eta hosto erorkorreko zuhaitzetan urtadarrak ateratzen direnean, gailupa multzoek landaketak hartzen dituzte eta elikagaiak hartzen dituzte jateko.

Neguan zarata asko ateratzen duten arren, araldian, isilak dira eta landaretzan ezkutatzen dira.

Ar gazteak, otsailaren bukaeran, emea erakartzeko abesten hasten da. Apeu luze baten ondoren, estaltzea dator.

Emeak habia eratzeko beharko duten materiala ekartzen du eta, bitartean, arra bere ondoan dago, lanik egin gabe, beste ar batekin joan ez dadin adi.

5 edo 6 arrautza txiki jartzen ditu, borobilak eta urdin kolorekoak eta orban arre, gorri, gris edo beltzak dituzte. Ama izango denak egiten du txitaldi osoa. Hamabost egun inguru igarotakoan, gris koloreko luma luzez eta ugariz daude estalita txitak. Bikoteko bi kideek haziak eta beldarrak ematen dizkiete jateko haien kume gosetiei. Jaio zirenetik bi aste baino gehiago igarotakoan, txitek habia uzten dute, baina jateko oraindik ere haien gurasoen menpe biziko dira, beste hamar egun gehiagoz. Etapa garrantzitsu horretan, arrak hartzen du gazteak elikatzeko ardura independizatzen diren arte, ama bigarren kumearentzat beste habi bat egiten arituko baita.

BITXIKERIAK

camachuelo2Bikoteak, askotan betirako direnak, apirilaren erdian hasten dira habiak eraikitzen, aurrez arrak aukeratu duen leku batean. Behin emeari kokapena erakutsitakoan eta hark lekua egokitzat ematen duenean, arrak lanaren erantzukizun guztia uzten du, oro har, zuhaitz txikien barruan hasten duena edo sastraken artean, bi eta bost metro bitarteko altueran.