Eusko Jaurlaritzaren kanpoko sirenen SIMULAKROA

Enpresa kimikoen segurtasun-alorrean urtero egiten diren bi simulakroen esparruan (SEVESO araudiak zehaztuta), Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Aveq-Kimika elkartearekin batera (Enpresa Kimikoen Euskal Elkartea), Muskizen, Abanto-Zierbenan, Zierbenan eta Santurtzin kokatutako soinu-alarmak (herritarrak ihesaldi kimiko toxikoez ohartaraztekoak) aktibatuko ditu gaur, azaroak 25.

Soinu-alarmak ordu hauetan aktibatuko dira: Muskizen eta Abanto-Zierbenan, goizeko 10:00etan; Santurtzin eta Zierbenan, 11:00etan; eta Punta Luceron, 11:30ean.

Zuzendaritzak berak gogorarazi du horrelako ariketak beharrezkoak direla inguruko biztanleen segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko eta eman daitezkeen gorabehera kimikoei aurre egiteko. Simulakro honek, inguruko biztanleria larrialdi kimikoko alerten soinuetara ohitzeko erabilgarriak izateaz gain, enpresen (Petronor, Tepsa eta Bilboko Portua) sirenen behar bezalako funtzionamendua egiaztatzeko balio du ere.

Europako araudiei jarraikiz, antzeko simulakroak egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri batzuetan (Lantaron eta Hernani, adibidez).

Era berean, sirenak aktibatzen direnean, SOS Deiak «alderantzizko 112» aplikazioa abiaraziko da. Horrela, autobabeserako mezu bat bidaliko da aplikazioa instalatuta duten gailu guztiei, betiere geolokalizazioa baimentzen badute eta ihes toxikoaren eragin-eremuan badaude.

Simulakroa ez du Petronorrek gauzatuko, Eusko Jaurlaritzak baizik; beraz, findegian ez da jarduera espezifikorik aplikatuko.