José Ignacio Zudairek –Petronorreko CEOaren ondokoa– eta Manu Núñezek –Petronor Innovación enpresako zuzendaria– findegiak 2050ean zero emisio garbi lortzeko proposatu diren inbertsioen berri eman diote enbaxadoreari. Petronorren produktu berritzaileak behar bezala ezagutze aldera, bileraren ondoren, findegiaren barrualdea bisitatu dute. 2,5 MWeko elektrolizagailuak arreta berezia bereganatu du; izan ere, elektrolizagailu horrek –Euskadin hidrogeno berriztagarria sortzeko ahalmena duen lehena izateaz gain– Abanto eta Zierbenako Parke Teknologikoa energiaz hornituko du, jada instalatuta dagoen hidroduktuaren bidez.
Jose Ignacio Zudairen hitzetan, «eskertzekoa da Finlandiako enbaxadak gure proiektu berriak ezagutzeko eta gure findegia zuzenean bisitatzeko duen interesa. Petronor inguruaren eta sektorearen deskarbonizazioa gauzatzeko bidean dago. Industrian gauden enpresok, geure burua deskarbonizatu ezean, atzeratuta geldituko gara. Era berean, buruan izan behar dugu beti proiektuak –anbizio handikoak izan arren– behar bezala landu egin behar direla. Etorkizuna argi dago: deskarbonizatutako industria berritzailea behar dugu, zero isuri garbien helburua lortuko duena».