Petronor eta O.C.O aurrera doaz CO2 atzitzen duten eraikuntza-materialen lantegiko lanekin

Petronorrek eta O.C.O Technologyk CO2 atzitzen duten eko-agregakinak fabrikatzeko bultzatutako Biscay Eco Aggregates lantegia 2026an jarriko da martxan aurreikuspenen arabera. Proiektuaren eraikuntza 2024ko bigarren seihilekoan hasi zen, egun obra zibileko fasea osatu da eta ekipamenduen muntaketari ekin zaio.

Bilboko Portuko AZ1 kaian kokatutako lantegi hau da CO2ren atzipena eta erabilera Petronorren ekonomia zirkularrarekin uztartuko dituen lehen industria-proiektua, 20 milioi euroko inbertsioa tarteko, eta Petronor eta O.C.O. Technology ditu akziodun (% 75 eta % 25arekin, hurrenez hurren). Halaber, Kutxabankek 11,5 milioi euroko mailegua sinatu du proiektua bultzatzeko, garrantzi handiko babes finantzarioa emanez.

Hauxe da agregakin sintetikoak fabrikatuko dituen Europa kontinentaleko lehen instalazioa. Agregakin naturala ordeztuko duen kareharrizko agregakin artifiziala errausketako hondakinak eta CO2 lehengaitzat erabiliz ekoitziko da, eta fabrikazioaren ondoren ere atmosferatik CO2 atzitzen jarraituko du. Proiektu honek, ekonomia zirkularraren eredu, CO2 isurpenak eta hondakinak murriztuko ditu horien balorizazio materialaren bitartez. Gainera, instalazio berriak atzitutako CO2 erabiliko du, bestela zabortegietara eramango lituzketen hondakinak tratatzeko.