Bisita 100 MWeko elektrolizagailuaren obren hasierarekin bat eginez antolatu da. Ekimen hau estrategikoa da Petronorrentzat eta Euskadirentzat, Europako estrategiarekin lerrokatuta dago eta enpresak industria eta teknologiaren alde egindako apustuaren sendotasuna eta deskarbonizaziorako bidean egindako aurrerakada frogatzen ditu.
292 milioi euroko hasierako inbertsioa tarteko, 100 MWeko elektrolizagailua 2029ko lehen seihilekoan jarriko da martxan. Horretarako, eraikuntza 2026ko lehen seihilekoan hasiko da, dagokion lursaila egokituz. Proiektuak ingurumen eta eraikuntzako administrazio-izapideak bete ditu.
Lehendakariak 100 MWeko elektrolizagailu berria kokatuko den orubea ikusteko aukera izan du gaur goizean. Elektrolizagailua martxan jartzen denean, 167.500 tona CO2ren isurketa saihestu ahal izango da, gas naturalarekin ekoiztutako hidrogenoaren zati bat elektrizitate-iturri berriztagarriekin ekoiztutako hidrogenoarekin ordeztuz.
Proiektuak izaera estrategiko nabarmena du, eta Europako Batzordeak Interes Komuneko Proiektu Garrantzitsutzat aitortu du (IPCEI, ingelesezko siglen arabera), Batasunaren industria zein energia arloetako helburuei egindako ekarpenagatik.
Hauxe da Petronorren hirugarren elektrolizagailua. Lehenengoa 2,5 MWeko elektrolizagailua izan zen, Muskizen instalatua eta martxan dagoenea, eta bigarrena, 10 MWekoa, Bilboko portuan dago, Petronorren deskarbonizazio-hubean, eta 2027an egongo da jardunean.

